Mugikortasun iraunkorraren astea izango da datorren astea Elgoibarren

Barren.eus 2017ko aza. 18a, 11:35

Elgoibarko Udalak mugikortasun iraunkorraren astea izendatu du azaroaren 20tik 25erakoa. Ohi legez, kasko historikoa itxita egongo da motordun ibilgailuentzat. Horrez gain, kaleak “erakargarri” egin nahi dituzte oinezkoentzat eta kaleak eta saltoki-atariak apaintzera animatu dituzte dendariak.

Era berean, hainbat jarduera antolatu dituzte aste horretarako. 60+ taldekoekin hainbat ibilaldi egingo dituzte herrian, eta Kalebarren plazan aisialdirako “berdegune bat” sortuko dute. Oin Alai egitasmokoek egiten duten ibilbidea ere aldatuko dute. Kalebarrenetik San Frantzisko kaletik joan beharrean Pedro Migel Urruzuno kaletik joango dira, auto gidariei kale horretan 20 kilometro orduko abiadan joan behar direla gogorarazteko, eta HH5ek heziketa tailerra ere jasoko dute.

•Bigarren eskuko merkatua
Zapatuan (azaroak 25), berriz, bigarren eskuko merkatua jarriko dute Lekuederren, eta herriko eskola-umeek etxean egoera onean dituzten jostailuak eta abar salduko dituzte. Parrokiako Misio taldeak, bestalde, bidezko merkataritzako produktuak salduko ditu, eta Kalegoen plazan patinetan ibiltzeko ordubeteko bi sario berezi egingo dira: 10:30ean eta 12:15ean. Parte hartzeko gutxienez 5 urte izan beharko dira eta haurra gai izan beharko da inoren laguntzarik gabe patinetan zutik mantentzeko. Interesatuek idatzi ingurumena@elgoibar.eus helbidera.

 Lotura duten albisteak: