Dolmenen ibilbidean zortzi bisita gidatu eskainiko dituzte ekainetik aurrera

Barren.eus 2017ko mai. 25a, 18:13

Dolmenen Ibilbidearen balio arkeologikoa eta geologikoa zein paisaia-balioa ezagutzera emateko asmoz, doako zortzi bisita gidatu antolatu dituzte, ekainaren 11tik urriaren 8ra bitartean. 9 kilometroko ibilbide gidatua izango da, Karakaten hasi eta Irukurutzetaraino, eta buelta berriz Karakatera.

Dolmenen ibilbidean egin asmo dituzten bisita gidatuen eta 2017an aurreikusitako lanen aurkezpenean egon dira gaur Elgoibarko kultur zinegotzia, Andrea Arriola eta Kultur teknikari Blanca Salegi; Soraluzeko alkatea, Iker Aldazabal; Bergarako alkateordea, Maite Agirre; Aranzadi Zientzia Elkarteko arkeologoa, Jesus Tapia; eta Debegesako zuzendari orokorra, Juan Angel Balbas (goiko argazkian).
Dolmenen Ibilbideak Karakate-Agirreburu banalerroa zeharkatzen du eta balio arkeologiko handia du, bertan aurkitzen den Neolitoko eta Brontze Aroko ondareagatik. Bergara, Elgoibar eta Soraluze lotzen dituen ibilbidean garai horietako tumuluak eta trikuharriak aurkitzen dira. Monumentu megalitikoen bidez laga diguten ondarea antzinako ehorzte-errituekin lotuta dago.
Bisita gidatuak domeketan egingo dira, 10:30etik 13:30era. Behin ibilbidea amaituta, gazta, ogia eta sagardoa izango dira dastagarri. Bisita gidatuetan parte hartzeko aldez aurretik izena eman behar da turismo@debegesa.eus helbidera idatziz edo 943 82 01 10 telefonora deituz (Ainara Lasa, Debegesa).
Boluntarioak behar dira indusketa lanetarako
2017ko lan-ildoen baitan, Gizaburuako trikuharriaren indusketa eta erreprodukzio lanei ekingo zaie datozen egunotan. Aranzadi Zientzia Elkarteak burutuko ditu lanak, trikuharri horren aberastasun arkeologikoa balioan jartzeko eta Dolmenen Ibilbidearen erakarpen turistikoari bultzada emateko.
Ikerketaren helburua da Gizaburuako trikuharriaren egitura arkitektonikoa eta bere baitan duen edukia ezagutzea, ondoren, hori guztia balioan jartzeko. 2016an egindako indusketek informazio baliagarria lortzea ahalbidetu zuten. Aranzadi Zientzia Elkarteak dioenez, ordura arte ez zekiten Gizaburuako elementua trikuharri bat zenik. Tumulu soil bat bezala zegoen katalogatuta: jakina zen hilobi bat estaltzeko erabili ohi zen harri-multzoa zela, baina ez zen ezagutzen zein hilobi-mota gordetzen zuen azpian. Iaz, hilobiaren ganbara aurkitu zuten Aranzadiko kideek. Hala, trikuharria zela baieztatu ez ezik, azken aldiz erabilia izan zeneko arrastoak ere aurkitu zituzten.

Adituen esanetan, Gizaburuako trikuharriaren azken erabilera hori kremazio-erritu batekin lotuta dago, erraustutako giza hezurrak eta zeramikazko kutxa baten zatiak aurkitu baitziren bertan.

Gizaburuako trikuharriaren azken erabilpen hori Azken Brontze Aroan edo Burdin Aroan (K.a. 1.200-700 urte) kokatzen dute adituek, trikuharri horretan garai hori baino lehenagoko piezak aurkitu badituzte ere. Egingo diren hurrengo ikerkuntza lanen helburua da, trikuharriaren azpia arakatuz, antzinako beste erabilpenik eman zitzaion ezagutzea, seguruenik, zientzialarien ustez, Neolito (4.500-2.500 urte k.a) eta Antzinako Brontze Aroen bueltan (2.000 urte k.a).

Ikerketa eta indusketa lanak burutzeko boluntarioak behar dira. Interesatuek izena eman dezakete jtapia@aranzadi.eus helbidera idatziz edo 676 49 01 43 (Jesus Tapia) telefonora deituz.

gizaburuaga trikuarria

Lursailen erosketa

Dolmenen Ibilbideak Elgoibarko, Soraluzeko eta Bergarako udalerriak lotzen ditu. Hiru Udalak erosketa publikoan oinarritutako kudeaketa sistema bat ezartzearen aldeko apustua ari dira egiten. Adibide modura, Soraluzeko Udalak 33.000 metro koadroko lur-saila erosi zuen. Eta 2017an, 17.000 metro koadroko eremuaren erosketa aurreikusten du Udalak. Halako neurriek Dolmenen Ibilbidearen kudeaketa, mantentze eta zainketa hobea ahalbidetzen dutela diote. Halaber, azpimarratzekoa da egingo diren indusketak lursail publikoetan egingo direla, eta pribatuetan egingo direnek eremu horietako jabeen baimena dute.

• Ibilbideko hainbat elementuren errepresentazio birtuala

2017ko lan programa Soraluzeko, Elgoibarko eta Bergarako Udalek elkarlanean taxutu eta garatu dute, Debegesa Debabarreneko garapen agentziaren koordinaziopean, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak lagunduta. Halaber, Debemen Debabarreneko Landa Garapenerako Elkarteak eta Aranzadi Zientzia Elkarteak ere parte hartu dute.

Urte honen amaiaren, Dolmenen Ibilbidearen hiru elementuren interpretazio birtualari ekingo zaio: Keixetako Egiya Hegokoa trikuharria, Arribiribilletako menhirra eta Gizaburuako trikuharria zein bertan egingo diren indusketa lanetan aurkituko diren elementuak.

Lan horren funtsa da arkeologoek egindako aurkikuntzen gainean interpretazio birtual bat egitea, elementu megalitiko horien sorrera irudikatzeko xedez.

Paleoingurumen ikerketetan oinarrituz egingo da errepresentazio birtuala, bai elementu megalitikoak bai ingurunea barne hartuz. (iturria: debegesa.eus)