Bizitza pertsonala, familiakoa eta lanekoa uztartzean sortzen diren arazoen inguruan sentsibilizazioan eragin, eta enpresa-sarean zein udal baliabide eta zerbitzuetan kontziliazioa nola kudeatzen den ezagutzera emako asmoz antolatu du topaketa hau Elgoibarko Udaleko Berdintasun Sailak. Zehaztu dutenez, “Udalerriko kontziliazio egoerari buruzko diagnostiko sektoriala eta ekintza plana” egitasmoaren barruan antolatu dute.
• Bi hizlari
Elgoibarko Kultur Etxeko Sotoan izango da topaketa, martxoaren 21ean, 18:00etan. Topaketan bi hizlarik hartuko dute parte: Marian Garciak, Nafarroako kontziliazioaren aldeko tokiko itunak. Tudelako Udala esperientziaren inguruan jardungo da eta Cristina Mendiak, aldiz, kontziliazio eta erantzunkidetasun arloan Mutualia enpresaren esperientzia aztertuko du. Ekimena doakoa izango da eta leku kopurua mugatua izango da, hortaz, aldez aurretik eman beharko da izena 943 741 050 telefono zenbakiaren bitartez edota berdintasuna@elgoibar.eus posta elektronikora eskaera bidaliz. Hala behar dutenentzako zaintza zerbitzua egongo dela jakinarazi dute antolatzaileek.
• Kontziliazio egoerari buruzko diagnostiko sektoriala eta ekintza plana
Udalerriko kontziliazio egoerari buruzko diagnostiko sektoriala eta ekintza planak enpresa-sarean eta udal baliabide eta zerbitzuetan kontziliazioa nola kudeatzen den ezagutzea du helburu. Proiektuak, halaber, beste honako xedeak ere baditu, besteak beste:
- Emakumeen eta gizonen denboraren erabilerari buruzko informazioa jasotzea.
- Herritarrek kontzialiatzeko dituzten beharrak ezagutu.
- Herri mailan dagoen erantzunkidetasuna eta udalerrian dauden kontziliazio zerbitzuak ezagutzea.
- Zerbitzuetako eta enpresetako arduradunek eta profesionalek kontziliazioaren inguruan duten iritzia ezagutzea.
- Kontziliazioaren alde onen eta txarren inguruko iritziak ezagutzea.
- Bizitza pertsonala, familiakoa eta lanekoa uztartzearen inguruan gomendioak eta jarduteko ildoak ezartzea, zerbitzu, udal baliabide eta enpresa horiei zuzenduta egongo liratekeenak.
- Zaintzarako eta kontziliaziorako mahaia osatzea arlo desberdinetako ordezkari guztiekin (eragile sozialak, udalak, enpresak, ikastetxeak, etab.).