Era berean, estatuko erakundeei eskaera bera egiteko gomendioa egin die Jaurlaritzari eta Eusko Legebiltzarrari. Etxeberria berak aurkeztutako dokumentazioan, Gipuzkoako Gobernu Zibileko agirietan eta epaileak Etxeberriari hartutako lekukotzan oinarrituta eman dio sinesgarritasuna Biktimen eta Giza Eskubideen Zuzendaritzak tortura salaketari.
• Torturak
Felix Etxeberria bi aldiz atxilotu zuten 1970ean, eta bi aldietan, torturen, tratu txarren eta polizien mehatxuen biktima izan zela jaso du Giza Eskubideen Zuzendaritzaren balorazio batzordeak. Burgosko Prozesua hasi zen garaian izan zen, Etxeberriak 44 urte zituela. Hiru eguneko greba orokorrerako deialdia egin zuten, eta deialdi harekin bat egin zuen Etxeberriak. Hala, abenduaren 3an Kalegoen plazan egin zen protesta ekitaldian parte hartu zuen. Protesta bukatu eta berehala, guardia zibilak plazara agertu eta bildutakoei oldartu zitzaizkien. Greba bukatu eta lanera itzuli zenean, guardia zibilak bere bila joan zirela esan zioten lankideek Etxeberriari eta, abenduaren 10ean, bere burua aurkeztu zuen kuartelean. Sartu bezain laster, gela txiki batera eraman zuten. Hiru guardia zibil zeuden han eta haietako batek makilaz jo zuen, eta mehatxu egin zioten besteek. Ondoren, zapatak eta galtzerdiak kendu arazi ostean, eskuak bizkarrera lotu eta oin-azpiak ustaz joten hasi zitzaizkion. Hitz egin ezean, Ihesaldiei buruzko Legea aplikatuko ziotela mehatxu egin zioten eta guardia zibiletako batek pistola ere jarri zion buruan. Tiro egitekotan, kanpoan egiteko esan zion aldamenetik beste polizia batek. Lau bat orduz torturatu zuten. Handik lau bat egunera, bila joan zitzaizkion poliziak etxera. Ez zuten etxean topatu, baina Felixi kuartelera itzultzeko agindua emateko eskatu zioten emazteari. Biharamunean joan zen, eta berriro ere, hitz egin ezean jo egingo zutela mehatxu egin zioten. Grebaren aldeko propaganda zabaltzea, presoei dirua ematea eta Elgoibarren euskara irakastea leporatzen zioten. Aldi horretan ez zuten jo, baina “etengabe” mehatxu egin zioten, eta azkenean, “aitorpen faltsua” sinatu zuen.
Torturapean egindako adierazpen haietan oinarrituta, 15.000 pezetako isuna ere jarri zioten gerora. Errekurtsoa aurkeztu eta isuna ordaintzeari uko egin zion Etxeberriak, eta modu horretan, kartzelara joatea saihestu ahal izan zuen, baina isuna ez zioten barkatu, harik eta Franco hil zen arte –Amnistia Legea aplikatu zenean ahaztu ahal izan zuen isuna–. Giza Eskubideen Zuzendaritzak txostenean jasotakoaren arabera, “torturak gogorrak izan ziren, tortura psikologikoak barne”, eta kuartelean egin zituen bi egonaldi haiek eta gero ere, Guardia Zibilak jarraitu zuen Etxeberria jazartzen.
Txostenean jaso dute “asaldura handiko giro politiko eta soziala” egon zela garai hartan eta Ordena Publikoko Indarren atxiloketak eta tratu txarrak “inoiz baino gogorragoak” izan zirela: “Polizien galdeketetan tratu txarrak eta torturak oso ohikoak izan zirela, bereziki ETAko eta indarkeria baliatzen hasi ziren antzeko erakundeetako kideekin zerikusia zuten kasuetan, baina, errealitatean, jokaera horrek talde horien metodoak erabiltzen ez zituzten beste erakunde batzuetako militanteei ere eragin zien”.
45 urte joan dira ordutik, eta Etxeberriak lortu du bere tortura salaketa kontuan hartzea. Orain, nahiko luke indarkeria mota guztien biktimek aitorpen bera jasotzea.