Indarkeria Matxistaren Kontrako ekintzak egingo dituzte gaur Elgoibarren eta Mendaron

Barren.eus 2016ko aza. 25a, 10:56

Elgoibarko Emakumeen Kontseiluak deituta, emakumeenganako erasoak salatzeko elkarretaratzea egingo dute gaur Kalegoen plazan, 19:30ean. Mendaron, bestalde, Women in black ekimena antolatu du Tratu Onen Aldeko Taldeak, Udalaren babesarekin. Estatuan bikotekideek hil dituzten emakumeak ikustarazteko kale-ekintza izango da. Mendaroko Tratu Onen Aldeko Taldeak 16 urtez gorako herriko emakumeak inplikatu nahi izan ditu Women in black ekimenerako eta gaur iluntzean Herriko Enparantza hartzera deitu dituzte. Parte-hartzaile bakoitzak hildako emakume bat irudikatuko du, isilean. 19:00etarako jarri dute ordua.

Ez dira baina horiek Indarkeria Matxistaren Kontrako Egunaren bueltan antolatu diren ekintza bakarrak. Aste osoan zehar egin dituzte ekintzak Elgoibarko Gaztelekuan, liburutegian edota kultur etxean, eta oraindik ere geratzen dira pare bat ekintza: Bihar (azaroak 26), emakumeentzako autodefentsa tailerra egingo dute Olaizaga kiroldegian, 10:00etatik aurrera. Azkenik, hilaren 28rako hausnarketarako tailerra antolatu du Haizeak. Loredi Salegik dinamizatuta, Jabekuntzan aurrerapausoak emanez tailerra egingo dute Kultur Etxean, 18:30etik aurrera.