“Gure erronka zen sinesgarritasuna ematea, jendea inplikatzea eta herritarrei orain dela 80 urte pasatako hura biziaraztea. Era berean hori zen zailena eta bete dugunez, oso-oso gustura gaude. Gainera, jendeak ikusi zuen ez zela antzerkia, errekreazioa beste gauza bat dela eta beraiek bizi izan zutela benetan izan balitz bezala”, azaldu dute errekreazioaren antolatzaileek.
Umeak garai hartako jolasetan, tropak kalean, jendea portaletatik ihesean... asteburuan Elgoibarko kaleetan ikusi den hori guztia dokumental batean jasoko dute eta gerora ere dena gogoan gordetzeko.
“Gerturatu zen jendeak, uste dugu, bere azalean bizi izan zuela ez 1936an gertatutakoa, baina bai oso gertuko sentsazio biolentoa. Ez zen antzerki bat izan, ez zen irreala izan, Elgoibarren eta Euskal Herriko herri guztietan gertatutakoaren errekonstrukzioa izan zen. Hau egiazki pasatu zen, hemen herritarrak egiazki fusilatu zituzten, jendea espetxeratu, isilarazi, euskara gure hizkuntza debekatua izan zen, herritarrei benetan kendu zizkieten etxeak eta terrenoak, Elgoibarko mendietan daude gudari eta miliziano asko ahaztuta oraindik, izugarrizko beldurra ezarri zioten herri honi; gaurdaino darraien beldurra kasu askotan. Asteburuko ekintza, ez zen denbora pasa bat izan, memoria ekintza bat izan zen, ezin dugulako ahaztu, ez zela Guda Zibil bat izan. Estatu Kolpe faxista bat izan zen”. Irakurri hemen balorazioa osorik.
Bestalde, egitasmo honen baitan ikusgai izango da Kultur Etxean Legion Condor alemana Euskal Herriko bonbardaketetan erakusketa urriaren 1era arte.