Debabarrena Mankomunitatetik jakitera eman dutenez, gaur hasiko dituzte iglu itxurako edukiontziak ordezkatzeko lanak. Mutrikun hasiko dira edukiontzi berriak jartzen, eta azaroan zehar aldatuko dituzte gainerako herrietan ere: Deban, Mendaron, Soraluzen, Elgoibarren, Eibarren, Ermuan eta Mallabian. Zerbitzu berria, baina, abenduaren 1ean hasiko dela zehaztu dute.
Edukiontzi berriek aho handiagoa dute, eta horrek hondakinak bertara botatzea errazten duela nabarmendu dute Mankomunitatetik, eta horrez gainera, kamioietara albotik jasotzeko sistema batekin funtzionatzen dute, orain arte goitik jasotzen baitzituzten edukiontziak kamioietara. "Herritarrentzat erosoagoa izatea da zerbitzu berriaren helburua, eta bide batez, zerbitzua hobetzea, edukiontzi berriekin edukiontzi bakoitzera botatako zaborra azkarrago jasotzea lortzen baita. Irudi aldetik ere aldaketa ekarriko du lateralizazioak, edukiontzi guneen uniformetasuna ahalbidetuko baitu", adierazi dute.
Prezero enpresak emango du zerbitzu berria, Mankomunitatearekin sinatu duen zortzi urterako kontratuari esker. Gehienez ere 8.153.675 euroko aurrekontua izango duela argitu dute, kontuan hartuta enpresak kobratuko duen zenbateko osoa aldakorra izango dela, jasoko dituzten edukiontzi kopuruaren arabera. Kontratuak paperaren eta kartoiaren frakzioen bilketa, ontzi arinena eta pilena barne hartzen ditu, eta baita edukiontzien garbiketa ere.
Mankomunitateak “Agur!” dioen pegatina bat jarri die datozen egun eta asteetan aldatuko dituzten edukiontziei. Guztira 456 edukiontzi aldatuko dituzte Debabarrenako Mankomunitateak zerbitzua ematen duen eskualdeko zazpi herrietan.
• Kamioi berria erosi du Mankomunitateak
Bi konpartimendu dituen kamioi berria ere erosi du Mankomunitateak, gaikako bilketan eta kale garbiketan eskaintzen dituen zerbitzuak hobetzen jarraitzeko helburuarekin. Kamioi berriak landa eremuko jatetxeetan errefusa eta organikoa jasoko ditu aldi berean, bakoitza bere konpartimenduan; modu honetara, herriguneetatik urrun dauden lekuetan hondakinak gaika biltzea "efizienteagoa" izango da eta ibilgailuaren isuriak ere murriztu egingo dira ingurumenaren mesedetan. Horrez gain, fruta dendetako kartoizko eta egurrezko kaxak aldi berean jasotzeko ere erabiliko dutela jakinarazi dute. Europako Next Generation funtsetako dirulaguntzari esker finantzatu dute kamioia, izan ere, orotara 192.000 euroko dirulaguntza jaso du Mankomunitateak egunerokotasunean ematen dituen zerbitzuen hobekuntzara bideratzeko.