Errigoraren 10. urteurrena ospatzeko pintxo-potea, gaur

Barren.eus 2023ko aza. 2a, 10:02

Errigorak 10 urte egin ditu, eta egitasmoa posible egiten duten lagun guztiekin, Errigorako komunitatearekin, ospatu nahi du urtemuga Elgoibarko Errigora taldeak.

Errigoraren neguko saskia noizbait erosi duten guztiak gonbidatu dituzte gaur, hilak 2, Kultur Kafeko pintxo-potean parte hartzera. Errigorako osagairen bat erabiliko dute pintxoa egiteko.

"Pintxo-potea aitzakia bat baino ez da Errigoraren Elgoibarko Komunitatea elkartzeko, hitz egiteko eta, batez ere, ospatzeko", azaldu dute. Keinu txikien bidez gauza handiak egiten ari direla zehaztu dute; "gauza ikaragarri handiak". Neguko kanpainaren bidez, hamar urtean 1,8 milioi bideratu dituzte Nafarroako hegoaldera, euskarak aurrera egiteko oztopo nabarmenak dauzkan eremu batera. Eta diru horri esker, besteak beste, euskarazko errotuluak jarri dira Lodosa, Mendabia eta Sargagudan, euskarazko ludotekak jarri dituzte abian hainbat herritan, euskara planak enpresetan, euskarazko kirol- eta kultur-jarduerak, e.a.
19:00etan elkartuko dira Kultur Kafean, elkarrekin berba egiteko eta pintxoak dastatzeko. Ondoren, argazkia aterako dute.

∞Lotura duten albisteak: