Bi lagun eztabaidan hasi dira kalean eta liskarrean ari zirela pistola bat atera eta airera tiro egin du bietako batek. Elgoibarko Udaltzaingotik jakinarazi dutenez, herritarrek eman diete gertaeraren berri. "Liskarrean zebiltzan lagunetako batek airera bizpahiru tiro egin dituela esan digute herritarrek", azaldu dute udaltzaingotik. Airera tiro egin duen gizonezkoa, Elgoibarko bizilaguna, bere kabuz Udaltzaingora joan da gero, azalpenak ematera edo. Udaltzainekin egin du topo Udaltzaingoko atarian, eta pistola entregatzerik nahi ez zuen arren udaltzainek lortu dute pistola kentzea. Pistola bat kalean eramatea galerazita egoteaz gainera, ez zekitela benetakoa ala gezurretakoa zen azaldu dute Udaltzaingotik. Aire-pistola bat zela egiaztatu dute, airez edo beste gas konprimitu batez eragindako arma mota bat, eta konfiskatu egin diote. Legediaren arabera era horretako pistolak ez baitira jostailuak, armak baizik. Etxetik kanpo 4. kategoriako armak eraman eta erabili ahal izateko agiri berezi bat behar da, eta titularrek gainean eraman behar dute beti, arma mota horiek eramatean. Eskatzaileak edo titularrak bizi diren udalerrietako alkateek dute txartel hauek emateko, berritzeko zein kentzeko ahalmena, aldez aurretik horien jarrera eta aurrekariak aztertu ondoren, indarrean dagoen arma araudiaren 105. artikuluan ezarritakoarekin bat.
Udaltzainek eta bertaratu diren Ertzantzako agenteek gertatutakoaren azalpenak emateko eskatu diote gizonezkoari, eta deklarazioa hartu eta atestatua egin ostean, bere kabuz irten da udaltzaingotik, momentuz ez dute atxilotu. Ikerketa zabalik dago eta bere prozedura jarraituko du orain justizia administrazioan.
Liskarrean parte hartu duen beste lagunaren bila aritu da polizia herriko kaleetan gora eta behera, eta herritarren arreta piztu du horrek, jende ugari baitzebilen kalean, Stock kale azokak erakarrita. Ez dute gizona atzematerik izan, identifikatuta duten arren.