Obren lizitazioa eskuratu ostean, Obrak Altuna y Uria SA enpresak egingo ditu, eta 2025erako amaituta egotea aurreikusten dute, 20 hilabeteko epean. 12 milioi euroko aurrekontua izango dute sahiesbidea egiteko lanok.
500 metroko luzera izango duen tunel batek egungo ibilbidea laburtuko du eta bi trenbide-pasagune kenduko ditu, Ganekuakoa eta Barazetakoa. Obra honek, ibilbidea murrizteaz gain, tunel osoan trenbidea bikoizteak bidaiarien eta salgaien unitateak gurutzatzea ahalbidetuko du. Hau da, trenbidearen zerbitzu-gaitasuna handituko da. Gaur egun 60 minuturo zirkulatzeko aukera ematen du noranzko bakoitzean; eta lanak bukatzean 30 minuturo igaro ahal izango da. Gainera, trazadura aldatzeak aukera emango du etorkizunean egungo ibilbidea bidegorri gisa erabiltzeko.
Maialen Gurrutxaga Elgoibarko alkateak esan du obra hau "apustu estrategikoa" dela. Obra honek trenbideko trafikoa nabarmen hobetuko duela esan du Gurrutxagak eta, gainera, bidegorri bat sortuko dutela Elgoibar eta Altzola lotzeko. "Etorkizun hurbilean, Mendaroko Udalarekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin batera, Altzola eta Mendaro lotuko dituen bidegorria sortuko da. Garraio publikoaren eta bidegorri sarearen aldeko apustua egiten dugu mugikortasun iraunkorra bultzatzeko. Egungo azpiegiturak hobetzea ere ekarriko du", adierazi du.
∞Lotura duten albisteak: