Debabarreneko Dislexia Elkarteko kideek jakinarazi dutenez, Dislexiaren astea antolatzen hasi ziren urriaren 8aren harira, eta Dislegi Elkartekoei, Gipuzkoako Dislexia Elkartekoei, euren asmoen berri eman zietenean, egin asmo zuten ekintza-sorta ikusita, Gipuzkoako ospakizunak Elgoibarren batzea erabaki zuten. Duela urte eta erdi jarri zuten martxan Dislegiren Debabarrenerako delegazioa, zenbait familiak zituzten beharrei erantzuteko eta dislexia ezagutzera emateko, besteak beste. Egitarauaren berri emateko egin duten aurkezpenean Deñe Zabalok zehaztu duenez, hiru zeregin edo helburu nagusi ditu euren taldeak: "Taldea eta dislexia bera ezagutzera ematea dislexia duten pertsonen eskubideak defendatuz, inklusioa errealitate bihur dadin; hezkuntza zentroak zein irakasleak kontzientziatzea eta formatzea Dislexiaren eragin akademikoa murrizteko, iaz adibidez eman genuen era honetako formazio saio bat; eta, hirugarren zeregina taldekideen seme-alabei formaziorako aukerak eskaintzea da. Esaterako, jende aurrean hitz egiten trebatzeko saioa antolatu genuen orain dela gutxi".
Orain, urriaren 8a dislexiaren nazioarteko eguna dela-eta, hainbat ekintza antolatu dituzte.
Jardueren programa honako hau da:
Urriaren 3tik 8ra
• Dislexiari buruzko erakusketa eta informazioa Aita Agirreko Kultur Kafean.
4 eguaztena
• Familientzako orientazioa: 17:00etatik aurrera, Kultur Kafea aretoan.
• Dislexiari buruzko dokumental baten proiekzioa Ongarri zineklubaren eskutik 21:00etan, Herriko Antzokian.
5 eguna
• Kafe tertulia Dilex psikopedagogia-zentroko Agurtzane Martinezekin (zeintzuk dira dislexiaren lehen seinaleak? zer lan-tresna behar dituzte nerabeek? nola jokatu eskoletan?...) 17:00etatik aurrera, Kultur Kafea gunean.
• Aizu! Tabernarien eskutik Dislegi elkartearen pintxo potea. Parte hartuko duten tabernetako langileek Dislegiren zapiak eramango dituzte jantzita.
7 zapatua
Dislexiaren Nazioarteko Egunaren ospakizuna.
• 11:00etatik 13:30era, Lekueder parkean: haurren entretenimendua (jolasak, pinturak, hi selfie...) - argazkiak- haurrentzako puzgarriak - aurpegia pintatzea - irakurketa errazari buruzko liburuen erakusketa - Dislegi Debabarrenaren produktuen salmenta...
• 12:30etik 13:30era, magia Niala magoaren eskutik publikoaren artean.
• 13:30ean, kalejira Mauxitxa txarangarekin.
• 15:00etan, bazkaria Sanlobeer Fest karpan (maalako parkean). Ondoren, bazkalostean, Mauxitxa txarangak alaituko du bazkaria.
7 - 8 gaua
• Udaletxea eta Aita Agirreko eraikina argiztatuko dituzte.
Debabarreneko Dislexia Elkartekoek adierazi dute Dislexiaren astea ospatzea ezinezkoa zatekeela, lagundu dieten elkarte, lagun eta enpresen laguntzarik gabe. "Laguntzaile ugari eduki ditugu, antolatutako ekintzak iragartzeko kartelaren azpialdean ikus daitekeen moduan, eta eskerrak eman nahi dizkiegu denei, Elgoibarko Udalari, DanobatGroupi, Aizu! ostalarien elkarteari, Ongarriri, Sanlori, Dilex-i, Dislegiri eta Gotzon Garate Udal liburutegiari". Eskerrak ematearekin batera, antolatu dituzten ekitaldietan parte hartzera animatu dituzte herritarrak.
Inork taldera batu nahi badu, edo edozein zalantza argitzeko dislegidebabarrena@ni.eus helbidera idatzi dezake. Kultur Kafean jarri duten erakusketan kutxa bat ere jarri dute, bisitariek izan ditzaketen galderak zein kezkak jasotzeko.
∞Lotura duten albisteak: