Jon Sarasuak “Herrigintzaren behelainotik” izenburuko hitzaldia emango du martxoaren 23an

Barren.eus 2023ko mar. 21a, 19:21

'Zergatik eta zertarako euskaldun?' ekimenaren barruan hitzaldia emango du Jon Sarasua pentsalariak eguen honetan Elgoibarren.

Antolatzaileen esanetan, euskal herrigintzak, hainbat arlotan, ekimen eta meritu handiko aroa bizi izan du azken hamarraldi askotan. Badira, baina, arrazoiak pentsatzeko ibilbidean "behelainoa sartu zaigula", iparra lausotzen duten faktore berriak gurutzatu direla. Horiek apur bat aletu eta galdera baten inguruan jardungo du Jon Sarasuak: zein izan daitekezke norabide edo ipar baten elementuak? Eta, nolakoa izan daiteke behar dugun erreakzioaren egitura?

Jon Sarasua (Aretxabaleta, 1966) herrigintzako eragilea da zenbait arlotan, unibertsitateko irakaslea, kulturgilea eta munduko hainbat komunitatetan hizkuntza-lankidetzan ari da.

  • Kultur Etxeko hitzaldi gelan izango da hitzaldia, 19:00etan.

Elgoibarko Izarra Euskaltzaleon Topaguneak Udalaren laguntzarekin antolatu duen 'Zergatik eta zertarako euskaldun? egiten duguna pentsatzeko, pentsatzen duguna egiteko' izenburua duen ekimenaren barruan etorriko da Sarasua bere hausnarketak plazaratzera. Pentsamendua eta jakintza lantzeko, euskalduntasunean sakontzeko eta elgoibartarrak norbanako eta komunitate moduan ahalduntzeko antolatu duten ekimenari Ibai Iztuetak emango dio segida, martxoaren 30ean emango duen hitzaldiarekin: 'Cultura vasca vs Euskal kultura: posible da euskal kultura erdaraz?"