"Amaiera ederra, Euskaraldiari berriz arte esateko. Ariketak badu arduratik eta konpromisotik, baina emozioa eta poza ere bada, eta hori da atzo Herriko Antzokian bildu ginenok sentitu genuena: historia handia duen herri txiki bateko parte izatearen poza", adierazi dute Elgoibarko Euskaraldia Taldekoek.
Bi ordu pasako "gozatualdia" izan zela esan dute, eta bi elgoibartar ere igo ziren Herriko Antzokiko oholtzara: Amorante eta Nerjes El Ghabali. Testu bana irakurri zuten biek (ikus bideoa).
"Amaitu da. Egin dugu. Bakoitzak bere erara egin du Euskaraldia: norberak hartu duen konpromisoaren neurrira. Izan dira lorpen txikiak. Izan dira lorpen handiagoak. Eta izango ziren nahi eta ezinak ere. Euskaraldia ariketa bat delako. Saiatzea da kontua. Ekitea. Egitea", esan dute ofizialki Euskararen Egunean, abenduaren 3an, amaituko den ariketaren hirugarren edizioaren harira.
Eta, lehen balorazio baikorra egin dute. "Hizkuntza-ohiturak aldatzea posible dela ikusi dugu, erraza ez bada ere. Eta gure hizkuntza-praktiken gainean berba egin dugu. Zer pentsatua eman digu.
Txapa pozik eta harro egunero jarri dugu batzuek; ezkutu samarrean eraman dute beste batzuek; eta, beharbada, izango zen izena eman eta txapa jarri ez duenik ere. Amaitu da. Egin dugu".
Eta orain, zer? Zer egin ariketa amaitu bada? Zer egin txaparik ez badut jarri behar? Bidea markatuta geratu dela diote, egiten jarraitu nahi duenarentzat.
Egin dugunaren balorazio sakona egitea izango da hartuko duten hurrengo zeregina, baina hori hurrengo asteetan egingo dute, "balorazio-lana ondo egiteak eskatzen duen denbora hartuta".
∞Lotura duten albisteak: