Atzo, azaroak 18, hasi zen Euskaraldia ariketa sozialaren hirugarren edizioa, euskara jakin eta ulertzen dutenen artean euskara gehiago egiteko helburuarekin. Elgoibarren jai giroan egin diote harrera 15 eguneko iraupena izango duen ariketari, eta musika eta dantza uztartu dituen aurkezpen ekitaldiarekin animatu dituzte herritarrak Euskaraldian parte hartzera.
Maalako parkean batu da jendea euritik babesean eta bertan egin dute Elgoibarko Euskaraldia Taldeak, Biraka dantza elkarteak eta Inazio Bereziartua Musika Eskolak elkarlanean prestatu duten ekitaldia.
Elgoibarren orain arte zenbat lagunek eman duten izena azaldu dute ekitaldiko aurkezleek: zenbat ahobizi, belarriprest eta arigune dauden (ikus hemen datuak). Eta gogora ekarri dute oraindik ere eman daitekeela izena. "Eskerrik asko denoi, bai norbanakoei eta baita entitateei ere. Elgoibar herri euskaldunagoa izateko beste urrats bat ematera goaz!", esan dute.
Gero, Elgoibarko Euskaraldia Taldeko kideak diren Abel Arriagak eta Ane Astiazaranek hartu dute hitza, eta zenbait galderaren erantzunak eman dituzte, besteak beste, zer da Euskaraldia, zertarako da? edo zer lortu nahi den ariketa honekin. Rolen eta Ariguneen inguruko azalpenak ere eman dituzte.
Horren ostean, 11 lagun jarri dira jendaurrean eta Euskaraldia hitzaren 11 letrak esan ahala jaso du lagun horietako bakoitzak eskuan zuen letra. Eta letrak denak bistan zirenean,"hasi da Euskaraldia!" ohiukatu dute. (ikus bideoan BARRENen Instagran kontuan: hemen eta hemen)
Bigarrengoz dantza egin ostean amaitu da ekitaldi laburra. Honako mezu honekin bukatu dute ekitaldia: "Besterik ez, Elgoibar. Ekin eta egin! jarri martxan aho eta belarriak! etxean eta kalean, jolasean eta lanean. Garaipen txiki asko dago jokoan. Bete, ahal duzuen ondoen, hartu dituzuen konpromisoak, eta ...Euskaraldi on, denoi!".