Udal ordezkariek aho batez eman diote baiezkoa irailaren 28ko Osoko Bilkuran Euskaraldiaren adierazpen bateratuari, euskararen erabilera indartzeko udazkenean gauzatuko den Euskaraldiaren hirugarren edizioa babesteko. Udal barrura begira, ekimena zabaltzeko konpromisoa hartu du Udalak, baita herrira begira ere sustatzaile lanetan aritzekoa ere.
Euskararen alde egotetik euskaraz gehiago egitera pasatzeko ariketa soziala da Euskaraldia. Hain zuzen ere, “Hitzez ekiteko garaia” du leloa hirugarren edizioak. Aurreko bi edizioetan bezala, herritarron hizkuntza-ohituretan eragitea eta euskararen erabilera gehitzea izango da helburu nagusia.
Bigarren edizioan bezala, oraingoan ere, entitateek era aktiboan parte hartuko dute ariketan. Hori dela eta, entitateetan euskaraz lasai jarduteko “Ariguneak” sortzea izango da zeregin nagusia, eta Elgoibarko Udalak ere entitate gisa parte hartuko du.
Horrekin, honako konpromisoak hartu ditu Elgoibarko Udalak Euskaraldia bultzatzeko:
- Elgoibarko Udalbatzak bat egiten du 2022ko azaroaren 18tik abenduaren 2ra Euskal Herri osoan zehar bideratuko den Euskaraldiarekin, eta ekimenaren sustatzaile izango da Elgoibarko Euskaraldia taldearekin batera. Horrenbestez, erantzukizunez eta eredugarritasunez jokatzeko konpromisoa hartzen du.
- Elgoibarko Udalak, entitate gisa, Euskaraldian izena emango du, horretarako, beharrezko Ariguneak identifikatuz eta bultzatuz.
- Udalkide, herritar eta herriko eragileei dei egiten die urtean zehar izango diren prestaketa-lanetan parte har dezaten eta, bere garaian, Ahobizi eta Belarriprest izan daitezen eta ariguneetan parte har dezaten.
- Ordezkari politikoen egiteko nagusia izango da Euskaraldiaren esparruaren baitan, eta bereziki, Udalean eta Udalaren ardurapeko entitateetan ekimena zabaltzea. Horrenbestez, ekimen honetan ahalik eta “Arigune” gehien, eta “Ahobizi” eta “Belarriprest” gehien aktibatzeko urratsak emango dituzte, arduradun politikoak izan, nahiz langileak izan.
- Elgoibarko Udalak neurriak hartuko ditu hizkuntza-praktika horiek posible izateko eta praktika horiei etorkizunean eutsi ahal izateko.