Enpresei dagokienez, Alcorta, Asiator, Berkoa, Bronimec, Danobat, Etxepe, Geminis, Mancisidor, Pikumek eta Zubacor izan ziren gosari-bileran parte hartu dutenak. Aurkezpenen ondoren, euskarak bakoitzaren enpresan betetzen duen tokiaren gainean gogoeta eginez ekin diote gosariari. Gero, euskarak haien enpresei zer eman dien azaldu dute Etxepeko eta Danobateko ordezkariek. Elgoibarko Euskaraldia Taldeko koordinatzaileak hartu du hitza segidan, Euskaraldia ariketak proposatzen duena motz-motz azaltzeko. Gosariari amaiera emateko, berriz, bi taldetan banatu eta Euskaraldia egiteak ekar dezakeenaren gainean jardun dute. Gainera, enpresetan euskara sustatzeko dauden diru-laguntzen berri ere jaso dute enpresetako ordezkariek.
Elgoibarko Euskaraldia Taldeak, IMH Campusek eta Makina Erreminta Museoak antolatu dute gosaria, eta, beraiek esan digutenez, oso giro atseginean egin dute. Bileraren helburu nagusia Elgoibarko industria sektorea ariketan parte hartzera animatzea da. Izan ere, enpresa munduan euskararen erabilera sustatzea lehentasunezko kontua da, haien ustez.
Urriaren 14an amaituko da enpresek eta entitateek izena emateko epea, eta informazioa edota laguntza jaso nahi dutenek, Elgoibarko Euskaraldia Taldera jo behar dute:
Elgoibarko Euskaraldia taldekoek aurreratu dutenez, urriaren 14an amaituko da enpresek eta entitateek izena emateko epea, eta informazioa edota laguntza jaso nahi dutenek, honako bi aukera hauek dituzte: 943 741 626 / euskaraldia@elgoibar.eus.