Elgoibarko Izarrak eta Udaleko Kirola eta Euskara sailek antolatu dute jardunaldia, Eusko Jaurlaritzaren eta Foru Aldundiaren babesarekin, eta 70 bat lagunek eman dute izena saiorako. Ohi legez, hitzaldi formatoa eta mahai-ingurua uztartu dituzte IMHko areto nagusian egin den jardunaldian. Ramon Mujika Elgoibarko Kirol Patronatuko zuzendariak eta Kristina Zuatzubizkar Euskara teknikariak herriko kirolaren mapa eta euskararen egoeraren irudia marraztu dituzte, datuekin lagunduta, eta datu horien interpretazioa egin du gero Jone Miren Hernandez Garcia EHUko Gizarte antropologiako irakasleak, bere hitzartzearen lehenengo zatian. Zergatik da garrantzitsua kirola euskaraz egitea? izan du, hala ere, hitzaldirako gaia. Iñaki Ugarteburu Bergarako Kirol Patronatuko zuzendariak, berriz, kirola eta herrigintza izan ditu hizpide. Kirolak batu egiten gaituela nabarmendu du Ugarteburuk: "Kirola herrigintza da". Kirolaren bueltan gizartea kohesionatzen dela azpimarratu du, eta elkarlana, elkartasuna, arauen errespetua, esfortzuaren kultura... moduko baloreak ematen dizkigula kirolak. Ondoren, kirola hizkuntzaren normalkuntzarako zein bitarteko eraginkorra den erakusteko bi adibide aurkeztu dituzte: S.D. Deusto klubean, Berbaizu euskara elkartearekin elkarlanean, 2021ean abiatutako 'Hitza Hartuz dinamika' eta Tuterako Union Tutera kirol elkartearena, biak ala biak eredugarriak. Ondoren, eliteko kirolarien bizimodua zelakoa den ezagutzeko aukera izan dute IMHra batu direnek. Eliteko lau kirolari gonbidatu dituzte antolatzaileek: Odei Jainaga xabalina jaurtitzailea, June Loidi eskubaloi jokalaria, Iraia Iparragirre futbolari eta Realeko kapitaina eta Jokin Altuna pilotaria. Joxe Mari Apaolaza Euskadi Irratiko esatariak zuzendu du mahai-ingurua. Ordubetez aritu dira kirolariak Apaolazaren galderei erantzunez, umore giroan.