Aurtengo ikasturtean 37 lagun inguruk parte hartu dute, zazpi taldetan banatuta. Irailaren amaieran ekin zioten eta bederatzi hilabetez jardun dute astean behin tertulian; 35 ordu, denera.
Euskaraz berba egiteko zailtasunak dituztenei zuzenduta dago Tertuliak programa (bidelariak). Bakoitzak dakiena praktikan jarri eta ez dakiena ikastea da helburua. Horretarako, talde bakoitzean euskaraz ondo moldatzen den lagun bat dago (bidelaguna), eta bere ardura izaten da tertulia saioak dinamizatzea.
Programan parte hartzen duten bidelagun eta bidelari batekin egon gara, eta haien esanetan, Tertuliak aukera paregabea da euskaraz berba egiteko aukerarik ez dutenentzat, eta ondo baino hobeto dator, baita ere, euskaltegian ikasten dutena praktikan jartzeko. “Presiorik gabe jarduten dugu, giro lasai eta atseginean, lagun giroan, eta ilusio handiz ikusten dugu poliki-poliki soltura irabazten goazela. Horrek, gero, beste jende batekin euskaraz berba egiteko konfiantza ere ematen digu”. Bidelarien eta bidelagunen artean harreman estua sortzen dela ere esan digu bidelagun batek, “lagunak ere egiten gara”, eta tertulia eguna heltzeko zain egoten direla ere aitortu digu, “gure gauzak elkarri kontatu eta barre batzuk egiteko”. Amaitzeko zera esan digute: “Euskara ikasten ari bazara, edota euskaraz hitz egiteko konfiantza falta bazaizu, eman izena Tertuliak programan eta astero ordubete izango duzu lagun berriekin giro bikainean euskaraz berba egiteko. Ez zara damutuko!”.
2001ean sortu zuten Tertuliak programa eta Elgoibarko Izarra, Elgoibarko Udala, AEK euskaltegia eta Udal Euskaltegia dira programaren eragileak.