Parte-hartzea handitu eta erabileran jauzi kualitatiboa eman nahi dute 3. Euskaraldian

Barren.eus 2022ko mai. 27a, 11:57

Udazkenean egingo dute Euskaraldia ariketa sozialaren hirugarren edizioa, azaroaren 18tik abenduaren 2ra. Maila pertsonalean nahiz kolektiboan parte hartu ahal izango da, baina ariguneak indartzea izango da aurtengo erronka [maiatzaren 18tik zabalik dute izena emateko epea]. Eta hirugarren Euskaraldiaz eta orain arteko biek eman dutenaz eta eman ez dutenaz jardun zen joan zen astean Elgoibarren Kike Amonarriz soziolinguista, Elgoibarko Euskaraldia Taldeak eskatuta. Amonarrizek garbi laga zuen Euskaraldia ez dela euskarak dituen gaitz guztientzako soluzioa, baina hizkuntza-ohituretan aldaketak eta hobekuntzak ekarri dituela, parte hartu dutenen gehiengoak euskara gehiago egiten duelako gaur, lehen baino.

Hizkuntza-ohiturak aldatuta euskararen erabilera handitu nahi du Euskaraldiak, eta aurtengoa hirugarren urtea izango du. 2018an egin zen estreinakoz ariketa, Euskaraldia: 11 egun euskaraz lelopean, eta 16 urtez gorako norbanakoengan jarri zuten orduan fokua antolatzaileek. Ahobizi eta belarriprest rolean, milaka euskaltzalek parte hartu zuten, euskaraz berba egitea ordura arte baino errazagoa izan zedin. Bigarren ariketan, berriz, entitateak gonbidatu zituzten ariketan parte hartzera eta euren eremuetan hizkuntza ohiturak aldatzeko guneak -ariguneak-, sortzeko eskatu zieten. Eta hain justu ere, arigune berriak sortzeko erronkari helduko diote sustatzaileek hirugarren Euskaraldian, azaroaren 18tik abenduaren 2ra egingo denean. Izan ere, aurreko edizioetako balorazioetan ikusi dute euskara erabiltzeko gune babestuak izateak euskaraz egitea errazten duela. Edonola ere, ariketa masiboa izan da beti Euskaraldia eta hirugarrengo honetan ere maila pertsonalean nahiz kolektiboan parte hartu ahal izango da. Entitateentzat maiatzaren 18an zabaldu zuten izena emateko epea, eta norbanakoentzat irailaren 28an zabalduko dute. Helburua: parte-hartzea handitzea da, euskararen erabileran "jauzi kualitatiboa" emateko.
Eta hirugarrenerako prestaketak hasi dituzte herrietako batzordeetan. Elgoibarko Euskaraldia Taldeak, esaterako, Kike Amonarriz soziolinguista eta Euskaltzaleon Topaguneko lehendakaria gonbidatu zuen Elgoibarrera joan zen eguaztenean. Euskaraldiaren barruetan aztarka jardun zuen Amonarrizek, zorrotz eta umoretik. Azaldu zuen noiz, zergatik eta zertarako sortu zuten Euskaraldia eta aletu zituen lorpenak eta erronkak, lau-bost galdera nagusiri erantzunez eta entzuleek post-it-etan idatzi zituzten galdera, kezka, bizipen, erronka eta bestelakoei erreferentzia eginez.

2022 05 17 kike amonarriz hitzaldia euskaraldia aitagirren 2

 •  Elkartu, adostu, aktibatu eta irabazi
Topalaberen txostenean bildutako lau aditz horien bueltan ondu zuten Euskaraldia nazio mailako egitasmoa, baina ez zen kosta bakoa izan. "Artefaktu konplexua" baita Euskaraldia, ez delako erraza Euskal Herriko zazpi probintzietarako balioko duen makro formatu eraginkor eta egingarri bat sortzea, eta are gutxiago, eragile askoren artean. Eta horixe izan du lorpen handienetako bat Euskaraldiak, Amonarrizen esanetan: sortzea lehenengo, eta horri eustea gero. "Euskaraldia hemen sortutakoa da, Korrika sortu zuten bezala, eta hemen egiten dena nazioartekotzea kostatzen bazaigu ere, Korrika esportatu dute eta Euskaraldia esportatzeko lehen pausoak ematen hasita daude".
Premia eta nahia izan ziren Euskaraldia sortzeko pizgarriak, baina baldintza optimorik gabe nekez sortzen da garra. "Euskararen kale erabileraren bilakaera ikusita, normalizazio-prozesuari beste astinaldi bat emateko beharra ikusten genuen eta bagenuen, era berean, jende gehiagorengana iristeko molde eta planteamendu berri eta eraginkorren premia ere, baina hainbat faktore elkartu ziren Euskaraldia posible egiteko". Hiru nabarmendu zituen: oinarri teoriko sendoa bazegoela, esperientzia baliagarriak eta funtzionatu zutenak izan zirela aurrez, eta ordura arte ez besteko adostasun eta konfidantza giroa sortu zela. Bereziki Pello Jauregik teorizazioan egindako lana eta Lutxo Egiaren 'Bi-lingual: transitoak' performance-a eta haren ondoren etorri ziren ahaleginak aipatu zituen batetik [Hilabetez, gaztelaniaz egin gabe bizi izan zen Bilbon Egia]. Eta bestetik, 2017ko Korrikan Euskal Herri osoko euskalgintzako eragileek eta eragile instituzionalek Santiagoko zubian elkarrekin kilometro bat egin zutenekoa, "argazki horrek sinbolizatzen duelako aldaketa sakonekoa, urteetan posible izan ez ziren aliantzak eta elkarlanak posible egin zitezkeela. Uste dut Euskaraldiak barne dakartzala funtzionatzeko paradigma berri baterako oinarriak: elkarlana, naziotasuna... Ez gaude ohituta horrela funtzionatzen, baina ikusten dugu potentzialitate handia daukagula". Zailtasunak ere izan zituzten, jakina, metodologikoak eta "mesfidantza era askotarikoek" eragindakoak bereziki, baina "harrigarriki" Euskaraldiaren kontrako ahots kritikorik ez zela izan azpimarratu zuen Amonarrizek.

 •  Zer lortu da orain arteko bi edizioetan
Herritarren gehiengoak -baita erdaldunek ere- ezagutzen eta onartzen duen ariketa da Euskaraldia eta "kemen batekin, ilusioarekin eta itxaropenarekin" identifikatzen da, orain arteko ikerketek erakutsi dutenez. Gauza asko lortu direla nabarmendu zuen Amonarrizek, baina helburuari oso lotutako bat azpimarratu zuen: Euskaraldian parte hartu dutenen gehiengoak euskara gehiago egiten duela orain, aurretik baino. Eta zehaztu zuen: "Badakigu hau zerra bezala dela: Kolpea jotzen da, lortutako horretatik galtzen da gero, baina abiapuntu berria aurrekoa baino altuagoa da. Denboran mugatua da ariketa eta horrek ematen dio kolpe hori". Nolanahi ere, Euskaraldia gizartearen gune gehienetara heldu dela nabarmendu zuen eta norbanakoen eta era guztietako entitateen inplikazioa izan dela hasieratik. "Masibo diren gauza guztietan bezala, badakigu parte hartzen dutenen %100ek ez dutela %100 egingo, baina badakigu ere jendeak serio hartzen duela eta betetzen ez duenean ere, badakiela ez dela betetzen ari", aipatu zuen, Euskaraldia itxurakeriarekin lotzeko egon daitezkeen tentazioei aurrea hartuta. Horren harira zioen makro proiektuez ari garenean koherentzia totalik ez dagoela, baina horrelako kopuruetan ibiltzeak ematen duela mugimendurako aukera. Euskaraldian 250.000 lagunek parte hartu dute [zazpi probientzietan, 16 urtez gorako 750.000 euskaldun gara].
Parte-hartzea horren handia izatearen gakoa fokua euskararen ulermenean jartzean egon dela uste du Amonarrizek. Aldaketa horrek ate asko zabaldu dituela zioen, eta aldi berean atea zabaldu diola jende askori, "jende askok sentitu duelako estreinakoz euskararen esparrura hurbiltzeko aukera". Garbi zioen Euskaraldiak balio izan duela, baita ere eta bereziki, euskara agenda sozio-politiko-komunikatiboaren erdigunera ekartzeko, "nabarmen, gainera, lehenengo aldian". Berezia izan zen Euskaraldiaren bigarren ariketa eta aparteko balorazioa eskatzen du. Pandemia betean egin zuten eta baldintzatu zuen horrek ariketa goitik-behera, baina egin izana bera lorpen handitzat du Amonarrizek: "Bagenekien Korrika ezingo zela egin eta ikusten genuen Euskaraldia ere egiten ez bazen, ez genuela heldulekurik izango euskararen gaia erdigunera eramateko".
Eta praktika batzuen sozializazioa ere ekarri du Euskaraldiak, bai eta hausnarketa sozial masibo bat ere. "'Lehen hitza beti euskaraz' hori sozializatu dugu lema bezala, eta sozializatu dugu gainera gozo-gozo, inongo istilurik gabe. Eta bestetik, guri iruditzen zaiguna baino hausnarketa handiagoa erakarri du Euskaraldiak. Jabetu gara kontraesanez, aukerez, zailtasunez, hitz egin dugu etxeetan...asko da hori".

ERREPORTAJEA osorik BARREN aldizkariko 1245. zenbakian -PDF-

2022 05 27 Kike Amonarriz euskaraldia elgoibar errep bigarrenaBARREN