Elgoibarko Euskaraldia Taldeak dei egin nahi die Elgoibarko entitate guztiei ariketan izena eman eta parte hartzera: Udala eta Udalaren ardurapeko entitateak, bestelako erakunde publikoak, hezkuntzakoak, mota guztietako elkarteak eta gizarte mugimenduak, merkataritza eta ostalaritza, industria eta lan mundua, e.a.
Izena eman eta ariguneak sortzea izango da entitateen egitekoa. Ariguneak euskaraz lasai aritzeko guneak dira, eta bi baldintza bete behar dira arigune bat sortzeko: gune edo talde horretako kide guztiek ulertu behar dute euskara, eta kideen gehiengoak nahi izan behar du arigunea sortzea.
Euskaraldia ariketa sozialean izena emateko edota informazio gehiago jaso nahi duten entitateek, Elgoibarko Euskaraldia Taldean jaso dezakete informazioa:
- elgoibar@euskaraldia.eus
- 943 741 626
- Koordinatzailea: Imanol Larrañaga Juaristi
• Zer da Euskaraldia?
Euskaraldia euskara ulertzen duten hiztunen arteko hizkuntza-ohiturak aldatzeko ariketa soziala da. Beste era batera esanda, Euskaraldiaren helburu nagusia herritarren hizkuntza ohiturak aldatu eta euskararen erabilera handitzea da. Ariketa egin ahal izateko bi baldintza bete behar dira: euskara ulertzea eta 16 urte beteta izatea.
2018an egin zen lehen aldiz ariketa, Euskaraldia: 11 egun euskaraz! lelopean; orduan norbanakoengan jarri zen fokua eta milaka izan ziren hizkuntza ohiturak aldatzeko helburuarekin ahobizi eta belarriprest moduan ariketan parte hartu zutenak. Elgoibarren 1.803 lagunek eman zuten izena.
Bigarren edizioa 2020an egin zen, eta entitateei ere ariketan parte hartzeko gonbidapena egin zitzaien, euren eremuetan hizkuntza ohiturak aldatzeko urratsak eman eta entitateko kideen parte-hartzea sustatu eta babestu zezaten. 104 entitatek eman zuten izena eta ariguneak sortzea izan zen entitateen egiteko nagusia; 419 arigune sortu ziren.
• Ariguneak areagotu nahi ditu hirugarren Euskaraldiak
Dagoeneko zabalik dago entitateek Euskaraldian parte hartzeko aukera. Euskaraldiko antolatzaileek eta aurreko edizioan ariguneak sortu zituzten zenbait eragilek, maiatzaren 18an, Gasteizen egindako agerraldian aurkeztu zuten entitateen izen-ematearen irekiera (ikus hemen). Euskaraldiaren bigarren edizioan ariguneak sortu eta izena eman zuten entitateek beraien parte hartzea berretsi beharko dute ariguneak.euskaraldia.eus/izen-ematea webgunean; lehenengoz izena emango dutenek ere helbide bera erabili ahal izango dute izena eman eta arigune kopurua zehazteko. Aurten izen-emate prozesua erraztu dutela azpimarratu dute antolatzaileek eta aurretik prozesua egin dutenek ere erraz berretsi ahal izango dutela parte hartzea.
Ariguneek hizkuntza ohituren aldaketan eta euskarazko praktika linguistikoen areagotzean duten garrantzia azpimarratu dute Euskaraldiaren antolaketan parte hartzen duten erakundeetako ordezkariek. Euskara erabiltzeko gune babestuak izateak erabilera errazten duela nabarmendu da aurreko edizioetako balorazio eta ikerketetan. Horregatik, ariguneak sortu, hedatu eta identifikatzen jarraitzea lehentasuna izango da Euskaraldian.