- Donostiako kaleetan azken metroak egin ostean, Karmele Jaio idazleak irakurri zuen atzo (entzun audioan) Korrikaren lekukoan gordeta Euskal Herria zehazkatu duen mezua. (Irakurri mezua osorik).
Korrika amaitu biharamunean balorazioetarako ordua ailegatu da. Asier Amondok, Korrikaren arduradunak, nabarmendu du Koronabirusaren ondorioz urtebete geroago izan bada ere, egin egin dela Korrika, eta horregatik "oso Korrika garrantzitsua" izan dela. "Herriz herri urtebete geroago izan bada ere, oso garrantzitsua izan da euskararen olatua berreskuratzea, errepidera ateratzea, baita azarotik hona Korrikaren ikasturtea ia normaltasun osoz gauzatzea".
Amondok adierazi du azken hil hauetan, hamaika ekitaldi antolatu dituztela han eta hemen, oso Korrika kanpaina "bizia" izan dela, alegia, eta azken egunotakoa, "itzela" izan dela: "Amurriotik Donostiara Euskal Herriko errepidetan gertatu dena zinez indartsua izan da. Korrika egin da; hasteko, hori da AEK/Korrikaren poz nagusia, egitea, alegia. Korrikaren helburuetako bat guztiz lortu da: euskararen aldeko kontzientzia, herri-gogoa, hauspotzea. 'Herri bat gara, euskararen herria gara'".
Era berean, Korrikak bigarren helburu bat daukala gogora ekarri dute, oso bizirik segitzen duena: dirua biltzea AEKren eguneroko lana indartzeari begira. Euskal Herri osoan, helduen eskalduntzera bideratzen diren baliabideak ez direla nahikoak ohartarazi dute berriro ere. Asier Amondok dioenez, aurrerapausoak izan dira, hain zuzen, azken 3 urte hauetan, baina harago segitu behar da, eta bitartean, AEK-k berak egiten duen ahalegina, "esate baterako, Euskal Herri osoan orain arteko berdintasun parametroetan ematen segitzeko, AEKideek erreserba funtsa sortu dute, bazkideek nahitaezko ekarpenak eginez osatzeko, Korrika antolatu da, jendartearen babes ekonomikoa jasotzeko. Goiz da balorazio zehatz bat egiteko, baina hainbat aldagaik erakusten dute Korrikaren helburu ekonomikoa ere lortu dela", adierazi du.
Bukaera orokor hau amaitzen hasteko, Korrikatik euskal gizarteari mezu bat luzatu nahi izan diote: “inoiz baino argiago dugu KORRIKA egiten jarraituko dugula; edizio honek inoiz baino irmoago erakutsi digu Korrikak zein babesa izan duen: ikusi dugu hau izan dela maitatuena, kilometroz kilometro ondoen zaindu dena”. Beraz, edizio berriak eta berrituak egiten jarraitzeaz gain, euskal gizarteari Korrika eskainiko zaio euskararen olatua
handitzen jarraitzeko. AEKrentzat, eta, AEKren ustez, gizartearentzat ere, KORRIKA tresna bat da herria bizirik dagoela erakusteko, indibidualismoaren garaian, kolektiboa, taldearen indarra islatzeko, herriak euskaraz bizi nahi duela adierazteko, eta, bereziki, tresna moduan erabiliko da euskararen auzian urrats eraginkorragoak eman daitezen. Atsedena hartu eta laster buru-belarri ekingo zaio 23. Korrikaren prestaketari. Eskerrik
beroenak eman zaizkie asko auzolan erraldoi honetan parte hartu duten guztiei".
- Aurreratu dutenez, 2024ko martxoaren 14tik 24ra izango da hurrengo Korrika, 23.a.
Alizia Iribarren AEKren koordinatzaile nagusiak ere hartu du hitza gaur Donostian egindako agerraldian. Esan duenez, Korrikatik harago, AEKren eguneroko lanek segitzen dutela. "Gaur bertan, adibidez, euskaltegiak zabalik daude Euskal Herriko txoko askotan, baita aktibo AEK-k aurrera eramaten dituen beste jarduera asko ere. Amaieran biharamunean, lehenik eta behin, AEKtik herritarrei mezu bat luzatu nahi izan die: “euskaltegiak zabal-zabalik dituzue, euskara lantzeko, gaitasun egokia eskuratzeko, gehiago erabiltzeko". Era berean, deialdi berezia egin die euskara ezagutu ez eta Korrikan parte hartzen duten (edota miresmenez segitzen duten) horiei, euskaltegietara joateko gonbitea luzatu die, guztiz sinistuta zirraragarria izango zaiela hurrengo edizioan ere parte hartzea, dagoeneko euskar ezagututa.
Gaurkoa amaitzeko, herritarrei ez ezik, AEK-k Administrazio Nagusiei eskaera zuzena luzatu die Iribarrenek. Korrikaren ingurumarian, abian jarri da doako ezagutzaren unibertsalizazioaren beharra jorratuko duen dinamika ere (Hitzekin. Denok euskara doan). Aazaldu duenez, ekimenaren gakoa da azpimarratzea euskara ikasi nahi duten herritarrek "dohainik jarduteko parada" izan behar dutela. Horretarako Administrazioei eskatu die "erabaki ausartagoak" hartzeko. “Euskal Herrian euskaraz biziko bagara, helduen euskaraz aritzeko gaitasun egokia zabaltzea gakoa izango da, baita euskaltegietan zerbitzua doan jaso ahal izatea ere”.