Ane Beitia Elgoibarko alkateak eta Iñaki Kondek Elgoibarko Izarrako presidenteak sinatu dute bi erakundeen arteko lankidetza hitzarmena, eta eurekin batera, Maialen Gurrutxaga, Euskara eta Haur, Nerabe eta Gazteen Sustapen arloetako zinegotzi arduraduna, eta Elgoibarko Izarrako eta Udaleko teknikariak ere izan dira.
Aurreko urteetan bezala, dirulaguntza hori bi udal sailetatik bideratuko da. Horrela, Udalaren Euskara Sailetik 110.000 euro jasoko ditu Elgoibarko Izarrak eta Udalaren Haur, Nerabe eta Gazteen Sustapeneko Sailetik, berriz, 74.000 euro. Guztira, iaz baino 24.000 euro gehiago jasoko ditu elkarteak. Hitzarmena sinatu ondoren, euskara elkarteak eskerrak eman dizkio Udalari. Izan ere, Elgoibarko Izarraren ustez, “ezinbestekoa da administrazioaren eta herri ekimenaren arteko elkarlana, haurrentzako aisia hezitzaileko eskaintza osatu eta euskara eta euskal kultura gure herrian sustatu nahi baditugu”.