Aurreko bi edizioetan moduan, herritarron hizkuntza-ohituretan eragin eta euskararen erabilera areagotzea nahi duen ekimena da Euskaraldia. Oraingoan ere Euskal Herri osoan antolatuko dute, eta 15 eguneko iraupena izango du: azaroaren 18tik abenduaren 2ra.
Euskararen alde egotetik euskaraz egitera pasatzea da Euskaraldiak lortu nahi duena. "Ez da euskararen alde gaudela esateko kanpaina bat, euskara gehiago egiteko ariketa baizik", zehaztu dute.
Antolatzaileek nabarmendu dutenez, lehen edizioak (2018) izugarrizko arrakasta izan bazuen, bigarrena (2020) pandemiak goitik behera baldintzatuta egin zen. "Norbanakoekin batera entitateek ere parte hartu zuten, baina pandemiak eragin handia izan zuen, ekimenaren kalterako".
Hirugarren edizioan berriz ere berreskuratu nahi dituzte lehen edizioko energia eta ilusioa. Jendea berriz ere aktibatu nahi dute, kalera irten, eta helburua ariketa jende gehiagok eta hobeto egitea izango da. Batez ere, ahobizi rola aukeratzen dutenekin egingo dute lanketa berezia.
• Elgoibarko Talde Eragilea
Oraindik azaroa urruti badago ere, Euskaraldia ekimena Elgoibarren sustatu eta dinamizatuko duen talde eragilea prestatzen hasi nahi dute. Talde Eragile hori izango da Euskaraldia Elgoibarren jendarteratzeko ardura izango duena. Dagoeneko 14 entitate eta norbanako daude izena emanda Talde Eragilean, baina ateak zabalik dituzte parte hartu nahi duen edozeinentzat. Izan entitate edo norbanako.
"Beraz, Eskaraldia ekimenean sineste baduzu eta ekimen hori Elgoibarren sustatzeko nahi eta ahal duzuna emateko prest bazaude, jo Elgoibarko Izarra Euskaltzaleon Topagunera eta gustura emango dizugu Talde Eragilearen gaineko informazioa".
Izena emateko azken eguna: apirilak 29. Hona izena emateko moduak:
- Aita Agurre kulturgunea 3, 3 ezkerra
- 943 741 626
- elgoibar@euskaraldia.eus
∞Lotura duten albisteak:
- 2020ko Euskaraldian parte hartzea jaitsi arren, bost parte hartzailetatik bat berria izan zen (2021-02-09)
- Euskaraldia ariketaren bigarren edizioaren balorazioa kaleratu du Elgoibarko Euskaraldia Taldeak (2021-01-29)
- 'Bigarren Euskaraldia Elgoibarren', bideoa (2020-12-04)
- Bigarren Euskaraldiaren amaiera ekitaldia egin dute Herriko Antzokian (2020-12-03)
- Zer moduz ari zara Euskaraldia ariketarako aukeratu duzun rola betetzen? (2020-11-27)
- 1.499 elgoibartarrek eta 239 mendaroarrek eman dute izena Euskaraldia ariketan (2020-11-26)