Ibilbide luzeko ekimena izateko sortu zen Euskaraldia eta edizioz edizio urrats berriak ematea da helburua. 2020ko azaroaren 20tik abenduaren 4ra, hamabost egunetan, egingo den Euskaraldiaren bigarren edizioak hainbat berritasun izango ditu, eta horien inguruko xehetasunak eman zituzten atzo, abenduaren 3an, musika eskolako auditorioan egin zuten aurkezpen-ekitaldian (Hona aurkezpeneko argazki-biduma). Lehenik, baina, iaz egin zen lehen Euskaraldiak lagatako ondorio nagusiak azaldu zituen Elgoibarko Euskaraldia Taldeko kide Ana Artetxek. Lehen edizioak onarpen sozial zabala izan zuela nabarmendu zuen; 220.000 lagunek hartu zuten parte, tartean, 1.804 elgoibartarrek. "Parte -hartzea itzela izan zen, eta, oro har, jendeak bete zituen hartutako konpromisoak. Ariketak erakutsi du balio duela hizkuntza-portaeretan eragiteko", esan zuen.
• Ahobizi eta belarriprest
Lehen edizioko ariketa-metodologia errepikatuko da bigarrengoan, ahobizi eta belarriprest rolekin. Helburuak ere berdinak dira: euskara gehiago erabiltzea, gehiagotan eta gehiagorekin. Hizkuntza hituretan eragin nahi da, eta gizartearen aktibazioa sustatu.
• Entitateek ere egingo dute
Entitateen parte-hartzea izango da bigarren edizioko berrikuntza nagusia, Euskaraldia taldeko Imanol Garaizabalek azaldu zuen moduan. Euskaraz jarduteko aukera daukaten guneak edo hiztun taldeak identifikatu beharko dituzte entitateek (ariguneak). Entitateetako hizkuntza-ohiturak euskararen mesedetan aldatzea da helburua. Era askotariko entitateak izango dira: erakunde publikoak, ikastetxeak, kultur eta kirol elkarteak, gizarte mugimenduak, denda-taberna eta jatetxeak, enpresak... Atzoko aurkezpen ekitaldian espero dutenaz berba egin zuten herriko hiru entitatetako ordezkarik: Ane Beitiak (Elgoibarko Udala), Cesar Arriolak (DanobatGroup) eta Iñigo Egañak (Sanlo EKT).
• Ariguneak
Bigarren ediziorako propio asmatutako berba da Arigunea. Euskaraz lasai aritzeko gune edo talde babestuak izango dira. Bi baldintza bete beharko dira arigune bat sortzeko: bat, kide guztiek ulertu beharko dute euskara; eta bi, gune edo talde horretako % 80k erabakiko dute ariketa egin nahi dutela. Bi motako ariguneak sor daitzke:
- Barne-ariguneak: barne funtzionamenduari lotutako guneak edo taldeak: bulego bat, kirol talde bat, enpresa bateko sail bat, e.a.
- Kanpo-aringuneak: jendearekin harremanetan dauden guneak: kiroldegiko harrera gunea, taberna edo denda bateko mostradorea, e.a.
• Entitateek eman beharreko urratsak
- Ariketan parte hartu nahi duten ala ez erabaki behar du entitate bakoitzeko zuzendaritzak
- Baiezko kasuan, ariguneak sortzeko aukerarik badaukaten aztertuko dute.
- Ariguneak sortzeko aukera dagoen kasuetan, entitateak izena emango du Euskaraldian, zenbat arigune sortuko diren zehaztuta.
• Noiz eman behar da izena?
Entitateek: 2020ko uztailera arte.
Norbanakoek: 2020ko irailetik aurrera.
• Elgoibarko Euskara Taldearen lan-plana:
Abenduan bi zeregin nagusi izango ditu taldeak. Euskaraldiaren bigarren edizioa gizarteratzea izango da lehena. Horrekin batera, eragile-sarea osatzeko lanetan ere hasiko da. Lehen edizioan izena eman zuten guztiek jasoko dute eragile-sarean izena emateko gonbita. Eragile-sareko kide bakoitzak Euskaraldia entitate bati aurkeztea da ideia (norberak aukeratuko du zein entitateri). Gero, urtarrilaren amaiera aldera, eragile-sareko kideek formazioa jasoko dute, otsailean entitateak bisitatzen hasteko. Ahalik eta entitate gehien bisitatzea da helburua, eta horregatik eskatuko da jendearen parte-hartzea.
∞Lotura duten albisteak:
- Euskaraldiaren bigarren ekitaldia aurkeztuko dute abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Egunean (2019-11-26)
- Euskaraldiaren inguruan egindako ikerketaren emaitzak argitaratu dituzte (2019-09-17)
- Euskaraldiaren argi-ilunak (2019-02-06)
-
Euskaraldia Elgoibarren: laburpen-bideoa (2018-12-05)
-
Amaitu da Euskaraldia ariketa soziala (2018-12-03)
- Euskaraldiak sortu dituen bizipenak eta sentimenduak elkarri kontatuz emango diogu amaiera ariketari (2018-11-30)
- Euskaraldiari ongi-etorria egin diote elgoibartarrek (2018-11-23)
- Euskaraldiaren hamaikakoa aurkeztuta, izen-emate ofiziala zabaldu dute Elgoibarren (2018-09-20)
- Euskararen erabilera sustatzeko “Euskaraldia, 11 egunez euskaraz” ekimena aurkeztu dute Elgoibarren (2017-12-03)
- Euskara plaza publikora atera zuten 'Jalgi hadi plazara!' jaialdian parte hartu zuten ehunka lagunek (2016-12-03)
- Elgoibar dantzan jarri du 'Beitxu, Beitxu!' kantuaren lipdub-ak (2015-11-28)
- Euskaraz bizi nahi dut flash mob-ak jendez bete zuen Kalegoen plaza (2014-12-04)