Ane Beitia, Elgoibarko alkateak eta Iñaki Konde Elgoibarko Izarra Euskaltzaleon Topagunea elkarteko presidenteak, bi erakundeen arteko 2019ko lankidetza hitzarmena sinatu dute gaur, apirilak 12, ostirala, Udaletxean. Eurekin batera, Maialen Gurrutxaga, Euskara eta Haur, Nerabe eta Gazteen Sustapen arloetako zinegotzi arduraduna, eta Elgoibarko Izarrako eta Udaleko Haur, Nerabe eta Gazteen Sustapeneko eta Euskara sailetako teknikariak ere izan dira. “Udalak 204.000 euroko dirulaguntza emango dio aurten Elgoibarko Izarra elkarteari, betiere, 2019an zehar euskararen erabilera sustatzeko ekintzak eta haurrentzako aisia hezitzaileko egitasmoa finantzatzeko”, esan du Ane Beitiak. Aurreko urteotan bezala, dirulaguntza hori bi udal sailetatik bideratuko da. Horrela, Udalaren Euskara sailetik 130.000 euro jasoko ditu Elgoibarko Izarrak eta Udalaren Haur, Nerabe eta Gazteen Sustapeneko sailetik, berriz, 74.000 euro. Hitzarmena sinatu ondoren, euskara elkarteak eskerrak eman dizkio Udalari. Izan ere, Elgoibarko Izarraren ustez, ezinbestekoa da administrazioaren eta herri ekimenaren arteko elkarlana, haurrentzako aisia hezitzaileko eskaintza osatu, eta euskara eta euskal kultura herrian sustatzeko.