Euskaraldiaren argi-ilunak

Barren.eus 2019ko ots. 6a, 13:33

Euskaraldia ariketa sozialaren estreinako edizioak eman duenaren lehen balorazioa egin eta bigarrenari begira jarri dira Elgoibarko Euskaraldia Taldekoak. Ahobizi eta belarriprest dinamikan oinarrituko da Euskaraldiaren bigarren edizioa ere, eta norbanakoen eta entitateen hizkuntza praktika berria bultzatzeko egingo da. Norbanakoekin batera, entitateak, erakunde publiko eta pribatuak, herrietako elkarteak edota enpresak izango dira, besteak beste, bigarren edizioko protagonistak. 2020an izango da.

 • Lortutakoak

Euskaraldia, 11 egun euskaraz ariketa soziala, hizkuntza-ohiturak aldatu eta euskararen erabilera areagotzeko inoiz sortu eta egin den ariketarik jendetsuena eta arrakastatsuena izan da, eta horrenbestez, balorazio “oso positiboa” egin du Elgoibarko talde eragileak ere, uste baitu ariketak ondorio “asko eta onak” lagako dituela Elgoibar euskalduntzeko bidean. Arrakastaren adierazleetako bat da parte-hartzea, eta hor aise gainditu ziren antolatzaileek egindako aurreikuspenak. 1.803 lagunek eman zuten izena, eta ariketak elgoibartarren onespena jaso zuen. “Elgoibartarren hizkuntza-kontzientzietan eragitea lortu du Euskaraldiak eta hizkuntza-ohituren gaineko gogoeta ere ekarri du”. Horretarako, jakina, ezinbestekoa izan da ariketarekin bat egin zuten herriko 54 elkarte eta erakundeen parte-hartzea eta haien arteko elkarlana.

 • Zuzendu beharrekoak
Hutsune batzuk ere identifikatu ditu, hala ere, Elgoibarko Euskaraldia Taldeak. Ariketan izena eman zutenetatik 1.245 lagunek ahobizi rola aukeratu zuten, eta 558k belarriprest rola. Desoreka handia izan zen, eta horregaitik rolak ondo ulertu ez ziren errezeloa dute talde eragilekoek. Uste dute norberaren jarrera edo jokaerari lotuta beharrean hizkuntza gaitasunari lotuta ikusi zituela jende askok rolak. Era berean, ahobizi eta belarriprest txapak behar baino gutxiago bistaratu zirela uste dute. Ariketa ikusgarriago eta errazagoa egiteko markak ziren txapak, baina nahi baino gutxiago ikusi zituzten sustatzaileek.
Herritarrek ariketa ondo ulertu eta barneratu ote zuten kezka ere azaldu dute. Hizkuntza-ohiturak euskararen alde mugiarazteko ariketa da Euskaraldia, eta ez euskararen alde gaudela esateko ekimena, baina zalantza dute mezua zabaltzean asmatu ote zuten. Horregatik, autokritika egin dute: “Jendearen formazioari eta ariketaren alde kualitatiboari arreta handiagoa eskaini behar genion beharbada”. Azkenik, gazteen parte-hartzearen gaineko kezka agertu dute. 16 eta 30 urte arteko 308 gaztek parte hartu zuten Euskaraldian (parte-hartzaileen %17), eta gehiago nahi zituzten.

2019 02 06 euskaraldia datuak taula elgoibar

 • Galdetegiko erantzunak
Elgoibarren izena eman zutenei zazpi galderako galdetegia egin zieten sustatzaileek eta 330 erantzun jaso zituzten. Hona hemen galdetegi horrek emandako ondorio garrantzitsuenak:

  • Parte hartu zutenen %88 gustura sentitu ziren ariketak iraun zuen 11 egunetan. %12k bakarrik izan zituen nekeak edo beldurrak.
  • Hamarretik zortzik beti edo ia beti eraman zuten txapa paparrean.
  • Ahobizi izan zirenen %83k euskaraz egin zieten euskaraz ulertzen zuten denei edo ia denei. %17k, berriz, batzuei bai, baina beste batzuei ez.
  • Ahobizi izan zirenen %76k euskaraz egin zien lehen hitza ezezagunei. %24k, berriz, batzuei bai, baina beste batzuei ez.
  • Belarriprest izan zirenen %74k aitortu dute euskaraz dakiten gehienek euskaraz egin zietela. %26k, berriz, esan dute lehendik egiten zietenek edo batzuek bakarrik egin zietela euskaraz.
  • Belarriprest izan zirenetatik %56k euskaraz egiteko eskatu zieten gaztelaniaz zihardutenei. Gainerakoek erantzun duten txaparekin nahikoa izan zitzaiela edo ez zietela ezer esan gaztelaniaz egin zietenei.
  • Galdetegia beten dutenen artean, %83k uste dute hemendik aurrera euskaraz gehiago egingo dutela Euskaraldia ariketari esker.

 

 • Parte hartzaileen iritziak eta komentarioak

Galdetegia bete zutenek egindako komentarioen aukeraketa txiki bat ere egin du Elgoibarko Euskaraldia Taldeak. Honatx:

  • Euskal hiztuna izan eta belarri prest txapa eramateak harridura sortu du nire inguruan, eta, kasu batzuetan, 2. mailako euskalduna sentiarazi naute.
  • Badakit nortzuk diren belarriprest, hurrengoan topo egiten dugunerako. Txapa egunero eraman beharko genuke.
  • Txapa eraman duten askok beraien artean gaztelaniaz hitz egiten zuten. Ahoa betetzen zaigu eta txapa bistan jartzen, baina gero gaztelaniara jotzen dute edo dugu. Tristea da, baina hori da nik ikusi dudana.
  • Konturatu naiz ezezagunekin euskaraz indarrez hasi eta jarraitzeko balio izan didala. Konfiantza handiko jende erdaldunarekin, ordea, oso zaila egin zait hizkuntza edo komunikazio-moldea aldatzea. Hala ere, saiatuko naiz hemendik aurrera ahobizi rola gehiago lantzen.
  • Parte hartutako guztiak zoriondu nahi nituzke eta haien esfortzua goraipatu. Gora gu!!! Beste alde batetik, pena da baina iruditzen zait batek baino gehiagok postureo hutsagatik edo "mobidatik kanpo" ez geratzeagatik hartu duela parte. Behin baino gehiagotan gertatu zait bi pertsona ahobizi txapa jantzita elkarrekin gaztelaniaz hitz egiten ikustea. Beste batzuei, berriz, txapa gainean zutela "gogorarazi" arren gaztelaniaz jarraitzen zuten.
  • Txapa ez zeramaten asko ez ditut sentitu ariketan parte hartzeko gogoarekin; horiekin kostatu egin zait eta askotan ez dut bete ahobizi rola.
  • Zaila da betidanik gaztelaniaz hitz egiten duzun pertsonekin euskaraz aritzea. Ohitura kontua da, eta ez da erraza hori aldatzea. Horrelako ariketek lagunduko dutela uste dut. Beraz, mila esker guztiagatik.

∞Lotura duten albisteak:

2018 12 05 euskaraldia elgoibar laburpen bideoa