Elgoibarko udal ordezkariek aho batez eman diote baiezkoa uztailaren 19ko Osoko Bilkuran Euskaraldiaren adierazpen bateratuari, euskararen erabilera indartzeko udazkenean gauzatuko den Euskaraldia ekimena babesteko. Bertan adierazten duten moduan, udal barrura begira ekimena zabaltzeko konpromisoa hartu du Elgoibarko Udalak, baita herrira begira ere sustatzaile lanetan aritzekoa ere.
Gipuzkoako udal guztietan aurkezten ari diren adierazpen bateratua da Elgoibarren onartu dutena. Horrekin, honako konpromisoak hartu ditu Elgoibarko Udalak Euskaraldia bultzatzeko:
- Elgoibarko Udalbatzak bat egiten du Euskaraldiarekin eta ekimenaren sustatzaile izango da. Horrenbestez, erantzukizunez eta eredugarritasunez jokatzeko konpromisoa hartzen du.
- Ordezkari politikoon egiteko nagusia izango da Euskaraldiaren markoan eta bereziki udal barrura begira ekimena zabaltzea. Horrenbestez, ekimen honetan ahalik eta ahobizi eta belarriprest gehien aktibatzeko urratsak emango ditugu, arduradun politikoak izan nahiz langileak izan.
- Ahobiziok euskara ulertzen duten guztiekin euskaraz aritzeko konpromisoa hartzen dugu.
- Belarriprestok, gainerakoak gonbidatuko ditugu gurekin euskaraz egin dezaten, nahiz eta guk euskaraz edo gaztelaniaz erantzun.
- Elgoibarko Udalak neurriak hartuko ditu hizkuntza-praktika horiek posible izan daitezen eta praktika horiei etorkizunean eutsi ahal izateko.
- Elgoibarko Udalak, udal barruan ez ezik udalerrian ere, ekimenaren sustatzaileetako bat den aldetik, herritarrak gonbidatuko ditu Euskaraldiko ekimenean parte har dezaten eta izena emateko bideak erraztuko ditu.
- Elgoibarko Udalak, bat egiten du ekimena Gipuzkoan elkarrekin, elkarlanean eta batera garatzearekin, lurralde mailako politika bateratu bati begira, ahalik eta udal gehienetan, mankomunitateetan, Gipuzkoako Foru Aldundian eta Gipuzkoako Batzar Nagusietan.