Mallabia, Ermua, Eibar, Soraluze, Elgoibar, Mendaro, Deba eta Mutriku herriek dagoeneko eman dute izena Euskaraldian parte hartzeko, Euskal Herriko 350 herri, auzo eta hiritan batera egingo den ariketa soziala gauzatzeko. Deba bailara oso-osoak parte hartuko du: Leintz-Gatzagan hasi eta Mutrikuraino.
• Hamarretik zortzik badaki euskaraz
Zortzi herrietako datuak bateratuta, Debabarrenean, ezagutzari dagokionez, %58,6 dira euskaldunak, %20,8 ia-euskaldunak eta %20,5 erdaldunak. Orduan, 10etik 8k euskaraz ulertzen du eta 10etik 6k euskaraz aritzeko gaitasuna dauka. Euskaraldia ariketa praktikoa izango da, erabilera erdigunean jarriko duena, eta ingurua eta herritarrak prestatuta, hamaika egunetan euskararen erabilera handitzea eta esparru berrietara zabaltzea izango du helburu, erabilera datuak ezagutzarenera gerturatzea.
• Errealitate desberdinak, ariketa bakarra
Ez neurriz, ez izaeraz, ez soziolinguistikoki… ez dute antz handirik, ezberdinak dira bailarako herriak, baina praktika bera erabiliko dute eguneroko hizkuntza ohiturei astindua eman eta euskararen erabilerari bultzada emateko: ahobiziak eta belarriprestak aktibatu, prestatu eta hamaika egunez, azaroaren 23tik abenduaren 3ra, aproba eginda. Hala, ahobiziek euskara ulertzen duten guztiekin euskaraz egingo dute (lanean, etxean, lagun artean…), baita ezezagunekin lehen hitza, gutxienez, ere; belarriprestek berriz, dakiten guztiei euskaraz egiteko gonbitea egingo diete, beraiekin euskaraz egiteko eskatuko diete, nahiz eta belarriprestek euskaraz edota erdaraz erantzun. Herritar bakoitzak (16 urte beteta izatea eta euskara ulertzea dira bete beharreko bi baldintzak) erabakiko du nola parte hartu nahi duen ekimenean eta zein txapa jantziko duen; aldi berean, ekimena kolektiboa izango da eta Debabarrenean euskaraz bizitzeko aukera handia dagoela bistarazi eta sentitzeko aukera eskaini nahi dute Euskaraldia ekimenaren bitartez.
∞Lotura duten albisteak:
- Mendaroko biztanleen %39,80k erabiltzen du kalean euskara eta gazteak dira gutxien hitz egiten dutenak (2018-06-22)
- 'Euskaraldia' ariketa sozialerako 800 eta 1.000 parte hartzaile bildu nahi dira Elgoibarren (2018-05-31)
- Baina, zer da Euskaraldia? (2017-12-13)
- Euskararen erabilera sustatzeko “Euskaraldia, 11 egunez euskaraz” ekimena aurkeztu dute Elgoibarren (2017-12-03)
- Euskara plaza publikora atera zuten 'Jalgi hadi plazara!' jaialdian parte hartu zuten ehunka lagunek (2016-12-03)
- Elgoibar dantzan jarri du 'Beitxu, Beitxu!' kantuaren lipdub-ak (2015-11-28)
- Euskaraz bizi nahi dut flash mob-ak jendez bete zuen Kalegoen plaza (2014-12-04)