Inazio Bereziartua musika eskolako auditorumean izango da batzarra, 19:00etan hasita. Elgoibarren Euskaraldia gizarteratzeko lanean ari den taldeko kideek hamasei urtetik gora izan eta euskara ulertu edota dakiten herritar guztiak deitu dituzte parte hartzera. Izan ere, ahobizi eta belarriprest bihurtu nahi dituzte horiek, euskaltzaleak aktibatu beren egunerokoan euskaraz bizitzeko urratsak egin ditzaten. Euskaraldia zer den, zer egingo duten eta egingo duten hura nola egingo duten zehaztuko dute, besteak beste, batzarrean.
Euskal Herriko 300 udalerri baino gehiagok egin dute bat Euskaraldiarekin. Sustatzaileak pozik daude Euskaraldiak sortutako mugimenduarekin. Orain duten erronka nagusia, baina, herritarrei Euskaraldia zer den ondo azaltzea dela ohartarazi dute.
"Badakigu indar berezia egin behar dugula jendeari azaltzen ariketa bat dela, ez dela euskararen aldekotasuna edo gaitasuna adierazteko kanpaina bat. Badaukagu kezka herritarren izen ematea baino lehen ondo azaltzeko zein diren ahobizi eta belarriprest rolen funtzioak, eta zer den 11 eguneko ariketa. Ez dugu zenbakietan jarri nahi fokua: kontua ez da zenbat herritan abiatzen dugun edo zenbat ahobizi eta belarriprest lortzen ditugun, baizik eta horiek zenbateraino ematen dituzten pausoak inertziak apurtzeko eta hizkuntza praktika berriak martxan jartzeko. Ahobizi den herritarrak hizkuntza ohiturak aldatzen dituen, ikusten duen bidea hamabigarren egunean jarraitzeko. Hori da garrantzitsua", esan du Euskaraldiko koordinatzaile Arrate Illarok Berria egunkariari eskaini dion elkarrizketan.
∞Lotura duten albisteak:
- Baina, zer da Euskaraldia? (2017-12-13)
- Euskararen erabilera sustatzeko “Euskaraldia, 11 egunez euskaraz” ekimena aurkeztu dute Elgoibarren (2017-12-03)
- Euskara plaza publikora atera zuten 'Jalgi hadi plazara!' jaialdian parte hartu zuten ehunka lagunek (2016-12-03)
- Elgoibar dantzan jarri du 'Beitxu, Beitxu!' kantuaren lipdub-ak (2015-11-28)
- Euskaraz bizi nahi dut flash mob-ak jendez bete zuen Kalegoen plaza (2014-12-04)