AEK-k gaur argitaratu duen Korrikaren ibilbidearen arabera, 12:09ean ailegatuko da lekukoa Olasoko industrialdera, soraluzearren eskutik.
Martxoaren 14an hasiko da euskararen aldeko ekimen erraldoia Irunen, eta martxoaren 24an bukatuko da Baionan, eta bidean Euskal Herri osoa gurutzatuko du, alderik alde. Gurera, martxoaren 20an iritsiko da, Soraluzetik, 12:09ak aldera. Elgoibar gurutzatu ostean Mendarorako bidea hartuko du 23. Korrikak. Aurreikusitako ordutegiaren arabera, 12:55ak aldera jasoko dute mendaroarrek lekukoa. Mendaron ere herri barrura sartuko da Korrika, eta eskuz esku ibiliko dute lekukoa, harik eta Sasiola inguruan debarrei utziko dieten arte. Debatik Mutrikura egingo du gero Korrikak, eta Lea-Artibai eskualdean barneratuko da gero.
23. ekitaldia du aurtengoa bi urtean behin egiten den euskaren aldeko AEKren ekimen handiak, eta 'Harro herri' du leloa. Ohi den bezala, omendu bat ere izango da: Azterketak Euskaraz kolektiboa, Baxoa eta Brebeta euskaraz egiteko borrokan aritu eta ari diren ikasleak, hain justu ere. Herritar euskaldun gisa dagozkien hizkuntza-eskubideak aldarrikatzeko hautua egiten dute Azterketak Euskaraz kolektibokoek, Frantziako Gobernuaren aginduen gainetik eta beren emaitza akademikoetan izan dezaketen kaltea onartuta.
∞ Lotura duten albisteak:
- 23. Korrikaren kanta aurkeztu dute Eibarren: 'Harro Herri' (2023-12-12)
- Irundik Baionara egingo du 23. Korrikak, martxoaren 14tik 24ra bitartean (2023-11-16)
- "Euskararen olatua berreskuratzea" oso garrantzitsua izan dela azaldu dute Korrikaren arduradunek (2022-04-11)
- BIDEOA: 2022ko Korrika Txikia Elgoibarren (2022-04-07)
- Harrera beroa egin dio Elgoibarrek 22. Korrikari (2022-04-01)
- Elgoibarren Korrikaren lekukoa hartu duten 27 taldeak, argazkitan (2022-04-01)