Euskararen aurkako oldarraldi judizialaren kontra, manifestaziora deitu du euskalgintzak azaroaren 4rako

Barren.eus 2023ko ira. 26a, 15:52

Euskararen aurrerabideen kontra egon diren epaien aurka antolatu du manifestazioa euskalgintzak azaroaren 4rako. Bilbon izango da manifestazioa eta Oldarraldiaren aurrean: euskararekin bat, euskaraz bat izango du leloa. Azaleko argazkia: Kontseilua.

Manifestazioa Euskalduna jauregitik abiatuko da, 17:00etan, eta euskararen alde inoiz egin den manifestazio jendetsuena izango dela aurreikusi dute deitzaileek. Manifestaziora joateko deia ez ezik, honen bultzadan parte hartzeko deia ere egin diete gaurko agerraldian norbanako zein eragile sozial eta politikoei.

 Joan den maiatzaren 10ean EAEko Auzitegi Nagusiaren atarian egin zuten bezala, euskararen normalizazioaren kontrako epai sortarekiko desadostasuna agertu dute gaurko prentsaurrekora batutako eragileek. Erandioko Udalekoa, Uliazpi Fundazioari buruzkoa, Barakaldokoa, Irungo udaltzainena edo euskara hizkuntza “zailegia” dela argudiatu zuen Laudioko sententzia gogoratu dituzte, besteak beste. Era berean uztailaren 6an oldarraldiak beste koska bat gora egin duela azaldu du Idurre Eskisabel Kontseiluko idazkari nagusiak: Espainiako Konstituzio Auzitegiak udalerri euskaldunei euskara hutsez funtzionatzeko aukerak murriztu zizkien, EAEko Udal Legeko 6.2. artikulua partzialki baliogabetuta. "Euskararen normalizazioan aurrerapausoa egiteko tresna sendo bat indargabetu zuen. Baina, horrez gain, adostasun sozial handi baten kontrakoa izan zen epai hori, Udal Legea gehiengo zabalez onartu baitzen Eusko Legebiltzarrean", esan du Eskisabelek, eta gogoratu du Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarren "gehiengo zabal-zabalak" babesten dituela euskararen normalizazioa helburu duten politikak. 

 
"Euskaltzale guztiok eta oro har, hizkuntza berdintasunean eta aniztasunaren errespetuan sinesten dugun guztiok, noranzko bateratuan aritzea ezinbestekoa da", gehitu du Eskisabelek eta nabarmendu du denon indarrak beharko direla "oldarraldiari hesia jartzeko". Horren harira manifestazioaren alde atxikimendua emateko aukera izango dela ere zabaldu zute Kontseiluaren webgunean (www.kontseilua.eus). 
 
•Bilbora joateko autobusak eta elkarretaratzea, Elgoibarren
Azaroaren 4ko manifestazioarekin bat egin du Elgoibarko Euskarak 365 Egun Taldeak ere, eta Bilbora joateko autobusak antolatuko ditu Elgoibartik egun horretarako. Era berean, eta manifestaziorako indarrak batu aldera, elkarretaratzea ere antolatu dute urriaren 26rako (eguena). Kalegoen plazan egingo dute elkarretaratzea, 19:00etan, eta parte hartzera deitu dituzte  aniztasunaren errespetuan sinesten duten herritar guztiak.