"Gure natura ezagutzen" programaren baitan antolatu dute txoriak hobeto ezagutu eta haientzat habiak jartzeko topaketa, eta helburu guztiak bete zituztela adierazi dute antolatzaileek. Eguraldi eguzkitsua lagun, Elgoibar eta Eibar arteko bidegorriaren hasieran elkartu ziren naturzaleak, familian joanak gehienak, eta handik abiatuta egin zuten ibilbidean Asier Sarasua Aranberri (Eibar, 1969) adituak emandako hegaztien inguruko azalpenak entzun zituzten. Noizean behin geldialdiak egin zituzten txori habiak jartzeko hautatuak zituzten tokietan. Ikusmena eta entzumena zorrozteko ere eskatu zieten parte hartzailei, -horregatik gomendatu zieten prismatikoekin joateko-, ahalik eta hegazti espezie gehien ikusi eta entzuteko. Zerrenda bat osatu zuten eta 33 espezie ikusi edo entzun zituztela irten zitzaien. Ez dago batere gaizki goiz baterako. Bistan da udaberrian sartu berri garela.
- Irteeran ikusi edo entzun zituzten hegazkienm zerrenda: Basahatea, Uroiloa, Sai arrea, Miru beltza, Miru gorria, Zapelatza, Etxe-usoa, Usapal turkiarra, Okil berdea, Belabeltza, Eskinosoa, Mika, Enara arrunta, Uhalde-enara, Buztanikara zuria, Buztanikara horia, Ur-zozoa, Txinbo kaskabeltza, Txio arrunta, Erregetxo bekainzuria, Kaskabeltz handia, Pinu-kaskabeltza, Amilotx urdina, Txepetxa, Buztangorri iluna, Txantxangorria, Zozoa, Birigarroa, Etxe-txolarrea, Kardantxiloa, Txirriskila eta Txonta.
Antolatzaileek eskerrak eman dizkiote irteeran gidari lanak egin zituen Asier Sarasuari, habiak emateagatik Gipuzkoako Foru Aldundiari, Aranzadi Zientzia Elkarteko ornitologia sailari, azalpenak egokiago eman ahal izateko hegaztien-fitxak erabiltzen lagatzeagatik, eta parte hartu zuten lagun guztiei ere eman dizkiete eskerrak.
'Gure natura ezagutzen' ekimenari buruzko informazio osoagoa HEMEN
∞Lotura duten albisteak: