Amerikako hego muturrean dagoen Darwin mendikateko izotz-eremuaren goraguneak izan dira Into The Ice espedizioaren helburua, eta esplorazio geografikoa, ikerketa glaziarra, eskalada eta abentura uztartu ditu planetako mendikate urrun eta basatienetako batean. Zazpi lagunez osatutako euskal espedizioak 2022ko martxoa eta apirila bitartean egin zuen espedizioa.
Espedizioko kide izan zen Andrew Opila eskiatzaile, alpinista, argazkilari eta zinegile estatubatuarrak ateratako argazkiekin osatutako argazki erakusketa martxoaren 18ra arte egongo da ikusgai Aita Agirre kultur kafean. Opilak espedizioari buruzko laburmetrai bat ere ondu du, 'Into the Ice: An Expedition to the End of the World' izenekoa, eta laburmetrai onenaren saria jaso berri du Huescan egiten duten mendiari buruzko zinemaldian (Festival de Cine de Montaña de los Pirineos). Laburmetrai horren teaser edo aurrerapen modukoa ikus dezakezue honako bideoaren amaieran.