Mintxetako igerilekuetako zenbait erabiltzaileren jarrera desegokiak salatu ditu Udal Kirol Patronatuak

Barren.eus 2022ko eka. 16a, 13:35

Elgoibarko Udal Kirol Patronatuak salatu du Mintxetako igerilekuetako aldagelen eta dutxen erabilera "desegokia" egiten ari direla zenbait haur eta gazte.

Joan den zapatuan, ekainaren 11n, hasi zen bainu denboraldia Mintxetako aire libreko igerilekuetan, eta Udal Kirol Patronatuak salatu du zabalik egon diren bost egun horietan "jarrera eta erabilera desegokia" erakutsi eta egin dutela haur eta gazteek, igerilekuetako aldageletan eta dutxetan. Azaldu dutenez, instalakuntzak zikindu eta kaltetzen dituzte paper-bustiz egindako pilotak jaurtiz (ikus bidali dituzten argazkietan)

Udal Kirol Patronatuko arduradunek gogora ekarri dute Covid-19aren pandemia baino lehen ere ematen zirela halakoak; eta, normaltasuna itzultzearekin batera, jarrera desegokiok ere bueltan direla. "Udal Kirol Patronatuak gertakizun hauek gaitzetsi ditu, denenak diren instalazioetan kalteak sortzen direlako eta ondorioak ekarri ditzaketelako. Horrelako jarrerek igerilekuetan jendearentzat oso eroso eta erabilgarriak diren aldagelen eta dutxen erabilera murriztea lortuko dute”, esan dute.

“Eskatzen dugu arduraz eta errespetuz jokatzea erabiltzaile guztiek eta zerbitzu publiko hauek guztion artean zaindu eta sustatzea”, berretsi dute Elgoibarko Udal Kirol Patronatutik.

∞Lotura duten albisteak:

2022 06 16 Mintxetako igerilekuetako aldagelak paperez b1

2022 06 16 Mintxetako igerilekuetako aldagelak elgoibar b2