Debabarreneko Dislexia Taldea martxan da

Barren.eus 2022ko api. 29a, 10:08

Gipuzkoako Dislexia Elkartetik sortu dute Debabarreneko Dislexia Elkartea, zenbait familiak zituzten beharrei erantzuteko: “Ikusita hemen inguruan ez zegoela inolako talde edo orientazio zerbitzurik Dislegiko ordezkariekin batu ginen gure beharrak azaltzeko, eta euren proiektua interesgarria iruditu zitzaigunez aukera polita ikusi genuen Debabarrenean taldea sortzeko”.

Gurasoak dira taldearen sortzaileak, eta hainbat egoeraren aurrean galduta ikusi dute euren burua, nora jo ez zekitela: “Egoera horretan dagoen jendeari laguntzea da gure helburua, hau da, dislexiari buruzko informazioa zabaltzea eta gure esperientziak partekatzea, horretarako beharra duen edonorekin”. Dislexia ezagutzera ematea da euren oinarrizko funtzioa. Izan ere, nahasmendu honen inguruan oraindik ezjakintasun handia dagoela uste dute. Familiak prestatu nahi dituzte, eta ikastetxeekin elkarlanean aritzeko asmoa ere badute, elkarlanean dislexiari ahalik eta zabalkunde handiena emateko. Elkartetik azaldu duten moduan, dislexia duten pertsonek batez ere, ikasketa garaian topatzen dituzte traba eta zailtasun handienak, eta sarritan ez da ulertzen zergatik dituzten zailtasunak irakurtzean, idaztean… “Baina, hala ere, pertsona azkar eta langileak dira, beste ikuspuntu bat dutenak, erresilientzia handikoak… eta euren beharretara egokitutako laguntza txiki bat izanez gero, dir-dir egiten dutenak”. Hain zuzen ere, ikasketa prozesuan dauden gazte horien beharrak asetu nahi dituzte taldeko guraso hauek, gizarteak gazte horiek uler ditzan nahi dute, eta horretarako ezinbestekotzat jotzen dute informazioa zabaltzea. Era berean, gazte horientzako material egokia prestatzeko beharra ere ikusi dute.

Momentuz Elgoibarko kideak daude taldean bakarrik, eta beraien lan esparrua ere Elgoibar izango da nagusiki, baina bailarako gainerako herrientzat ere zabalik dituzte ateak, eta beharra duen edonori laguntzeko prestutasuna erakutsi dute. Beraiekin harremanetan jartzeko dislegidebabarrena@ni.eus helbidera idatzi daiteke.

Carmen Anderson Dislegiko (Gipuzkoako Dislexia Elkartea) sortzaileetako bat da, eta martxoan Elgoibarren izan zen dislexiari buruz hitz egiten, Debabarreneko Dislexia Taldea aurkezteko ekitaldian.