Ufalen eragina agerikoa da bidegorrian

Barren.eus 2021ko abe. 14a, 12:12

Joan den asteko eurite handien ondorioz sortutako ufalek kalteak eragin dituzte bidegorrian ere. Urak bere onera itzuli ostean, ageri agerikoak dira kalteak eta erraz antzeman daiteke ura noraino ailegatu zen, eta Deba ibaiko ur emariak izan zuen indarra ere sumatu daiteke.

Andikano eta Maltzaga arteko bidegorri zatian gainezka egin zuen Deba ibaiak, joan den barikuan, eta ur azpian gelditu ziren bidegorriko metro ugari. Bidegorriaren gainean urak ekarritako hainbat zuhaitz, adar eta harri ikus badaitezke ere, asfaltoan ez da kalte nabarmenik ikusten, itxura batean ondo eutsi dio ufalari. Bestelako kalteak agerikoak dira, baina. Deba ibaia eta bidegorria banatzen dituen baranda falta da dozenaka metrotan, uraren indarrak bere lekutik atera eta eraman baitzituen. Zutik iraun duten baranda zati askoan urak ekarritako enbor, adar eta beste hainbat zikinkeria gelditu dira katigatuta. Era berean, ibai ertzeko zuhaitzetako adarretatik zintzilik era guztietako zaborrak ikus daitezke. Andikano baserriaren parean daude pilatuta zuhaitz enbor handienak. Jarleku batzuk bere lekutik atera zituen urak eta gainerakoak adar eta zikinkeriaz estalita daude. Argazkitan eta bideoan jaso dugu Deba ibaiaren ur-goraldiak bidegorrian izan duen eragina. Elgoibarko Udaletik jakinarazi dutenez, Gipuzkoako Foru Aldundiari dagokio bidegorria garbitzea. Andikano parean bidegorria itxita dagoela adierazten duen seinalaztapena dagoen arren, herritar ugari dabil pasiaran. 

Bideoa: Ufalek eragindako kalteak bidegorrian.

2021 12 13 ufalen eragina bidegorrian elgoibar eserlekua

2021 12 13 ufalen eragina bidegorrian elgoibar 1

2021 12 13 ufalen eragina bidegorrian elgoibar enborrak andikano

2021 12 13 bidegorria ufalen kalteak andikano itxita

2021 12 13 bidegorria ufalen kalteak andikano parean 1

2021 12 13 bidegorria elgoibar ufalen eragina area barren

2021 12 13 ufalen eragina bidegorrian elgoibar zikinkeria batzen

 

 Lotura duten albisteak: