Mintxetako taberna maiatzaren 1ean zabalduko dute berriro, eta Julen Agirrek kudeatuko du

Barren.eus 2021ko api. 27a, 16:44

Julen Agirrek kudeatuko ditu aurrerantzean Mintxetako bi tabernak, ustiatzeko lizitazioa eskuratu baitu. Sarrerakoa zapatu honetan zabalduko dute berriro, hainbat hilabetetan itxita egon eta gero. 

Mintxetako taberna hainbat hilabetean egon da itxita. Izan ere, 2020ko azaroan, Elgoibar gune gorrian sartzearekin batera itxi zuten, eta itxita egon da gaur arte. Taberna kudeatzeko kontratuaren epea iraungi zela-eta, Udalak abian jarri zuen taberna ustiatzeko lizitazioa, iazko abenduan. Orain, jada esleipen prozesua itxita, tabernak badu kudeatzailea, eta baita irekierarako eguna zehaztuta ere. Udalak aurreratu duenez, zapatu honetan, maiatzaren 1ean, zabalduko dute berriro. Aurrez, besteak beste, Iriondo taberna gidatu zuen Julen Agirrek kudeatuko du taberna. Sarreran dagoen tabernaz gainera, igerilekuen ondoan dagoen taberna ere kudeatuko du Agirrek. Hori ekainaren 5ean zabalduko dute, igerilekuak zabaltzen dituztenean.

Udalak eta Julen Agirrek, beraz, bi tabernak kudeatzeko kontratua sinatu dute, eta horri esker, udal arduradunen berbetan, Mintxetak, Elgoibarrek eta elgoibartarrek bi taberna berreskuratuko dituzte "guztien gozamenerako".

2021 04 27 mintxeta taberna barrutik

∞Lotura duten albisteak: