Gizon bat atxilotu zuten zapatuan udaltzainek Basarten, lapurreta saio bat leporatuta

Barren.eus 2021ko mar. 23a, 20:25

Udaltzaingotik jakinarazi dutenez, gizonezko bat atxilotu zuten joan den zapatuan, Ambulancias Gipuzkoa S. Coop. enpresak Basarten duen basean ustez lapurreta egiteagatik. Bertan lan egiten duten osasun-langileek bizi duten babesgabetasuna salatu dute.

Ambulancias Gipuzkoa S. Coop. enpresak bi base ditu Elgoibarren, Pedro Mugurutzan bat eta Basarten bestea. 30 bat osasun langilek egiten dute lan bietan, 24 orduz ematen duten zerbitzuan. Joan den zapatuan abisu bat jaso zuten, Elgoibarko bizilagun bati osasun-arreta emateko eta Mendaroko Ospitalera eraman zuten anbulatzian.

"Tranpa bat zela uste dugu, ez zela benetako osasun larrialdia. Mendarotik itzuli ginenean Basarteko baseko atea behartuta zegoela ikusi genuen eta bizilagunek ohartarazi ziguten barruan gizon bat zegoela oraindik. Udaltzaingora deitu genuen, eta segituan etorri ziren. Guri zein udaltzainei mehatxuekin eta irainekin egin zien aurre eta kostata izan bazen ere lortu zuten esku burdinak jartzea eta atxilotzea. Gure motxilak eta arropak sakabanatuta edo telebista eta larrialdietarako erabiltzen dugun irratia bere lekutik aterata topatu genituen. Denak bota zituen lurrera eta berak ez zuela ezer lapurtu esaten zuen", azaldu dio BARRENi anbulantzia enpresako behargin batek. Jasandako kalteengatik, mehatxuegatik eta irainengatik enpresak salaketa jarri duela azaldu du.
Langileak "ikaratuta" daudela jakinarazi du, eta defentsarako espraiak eta borrak erostea aztertzen ari direla, eta ez dute baztertzen euren lantokia babesteko atari-txakur bat ekartzea ere. Ez direla guztiz seguru sentitzen diote. "Indarkeria erabilita lapurreta egin, autoritateei aurre egin, mehatxuak, irainak... eta hala eta guztiz ere domeka eguerdian, 24 ordu pasa aurretik, berriro kalean zegoen. Gainera aurrekari penalak edukita. Eta okerrena da inguruan bizi dela".

Elgoibarko udaltzainek atxilotu eta gero Ertzaintzako agenteak etorri ziren atxilotua Eibarko Ertzain etxera eramateko, eta gertatutakoa ikertzen ari da Ertzaintza.

2021 03 23 anbulantzia elgoibar basarte