Zarataren aurkako pantailak abuztuaren amaierarako jarrita egongo direla aurreratu du Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako diputatuak

Barren.eus 2021ko mar. 18a, 15:24

Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako diputatuak Bidegi foru elkartea AP-8an, Elgoibar parean, zarataren aurkako pantailak eraikitzeko egiten ari den lanak bisitatu ditu gaur. Pantailak jartzeak Erretsundi, Basarte, Arregitorre eta San Roke kaleko eta Errotaberri auzoetako 2.000 bizilagun baino gehiagoren "bizi-kalitatea nabarmen hobetuko" duela esan du. Abuztuaren amaierarako jarrita egongo direla esan du.

Aintzane Oiarbidek azaldu du Gipuzkoako Foru Aldundiak errepideetako zarataren aurka egindako ekintza planean duela jatorria Elgoibarren zaraten aurkako pantailak jartzeko jarduera honek. "Eremu horretan egindako zarata-azterketaren arabera, 2.000 pertsona inguru daude gaueko ordutegian 55 dezibelio baino gehiagoko zarata-mailaren eraginpean. Egunean zehar, Elgoibarko Ikastetxea eta Elgoibar Arreiturre BHI bezalako eraikinek 60 dezibelio gainditzen dituzte. Pantailak jartzeak Erretsundi, Basarte, Arregitorre eta San Roke kaleko eta Errotaberri auzoetako bizilagunen bizi-kalitatea nabarmen hobetuko du", zehaztu du Oiarbidek lanak bertatik bertara ezagutzera egin duen bisitan.

Bisitan, diputatuarekin batera, Elgoibarko alkate Ane Beitia eta Bidegiko zuzendari Alfredo Etxeberria egon dira. Beitiak Elgoibarko Udalaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren arteko lankidetza azpimarratu du, eta esan du "oso albiste ona" dela pantaila akustiko horiek autobideak Elgoibarren zarata gehien sortzen duen eremuan ipintzea, ia 1.300 metrotan. "Hesi horiek jartzeak kutsadura akustikoa geldiaraziko du, eta eragin oso positiboa izango du udalerriko bizilagunen ongizatean", adierazi du.
 • Herrigunean pantailak jartzea aztertzen
Herrigunean ere, Elgoibar gurutzatzen duen N-634 errepidean, kutsadura akustikoa murrizteko neurriak hartzea aztertzen ari direla aurreratu dute Elgoibarko alkateak eta Oiarbide Bide Azpiegituretako diputatuak. Oiarbidek esan du lehenik ikerketa egin behar dutela ingururako neurri egokienak zein diren jakiteko eta orduan erabakiko lukete zer eratako neurriak diren hobekien egokitzen direnak, eta materialik aproposenak.  Babesak era askotarikoak izan baitaitezke, burdinezkoak, plastikozkoak edo egurrezkoak, besteak beste, eta landareak eta zuhaitzak ipinita ere murriztu daiteke zarata. Hartuko dituzten neurrien berri aurrerago emango dutela agindu du.

2021 03 18 panel akustikoak agintariak obrak ikusten zubian elgoibar barren

2021 03 18 panel akustikoak agintariak obrak ikusten elgoibar barren karpan

Bidegiko zuzendari Alfredo Etxeberriak lanen nondik norakoen inguruko xehetasunak eman ditu, egin asmo dutena eta orain arte egina dutena. Zehaztu duenez, Bilboko noranzkoan, pantaila akustikoek 866 metroko luzera izango dute eta beste 405 metroko Donostiarako norabidean. Adierazi duenez, lanak bost zatitan banatu dituzte eta horiei Sallobenteko zubibidean egin beharrekoak gaineratu behar zaizkie. Azken honetan, zarataren aurkako pantailak jartzeaz gain, euste-sistemak eguneratuko dituzte.
Lehenengo eta bigarren tarteak Donostiarako norabidean daude, eta Erretsundi eta Basarte eremuetan dute eragina: 165 eta 84,5 metro luze dira, hurrenez hurren, eta pantaila-altuera 4 metrokoa da. Hirugarrenetik bosgarrenera arteko lanerako tarteak Bilborako noranzkoan daude. Hirugarren eta laugarren atalek 272 metroko eta 59 metroko luzera duten bi pantaila hartzen dituzte, biak San Roken, 4 metroko altuerarekin. Bosgaren zatiak, luzeenak (379 metro), Ermuaran bidea eta ikastola babestuko ditu, 1,5 metrotik 2,5 metrora bitarteko altuera desberdineko pantailekin.
Une honetan Basarteko 2. zatia eta San Rokeko 3. eta 4. zatiak egiten ari dira, eta zubibidearen drainatze-sistema ere hobetzen hasi dira. Aste Santuaren ondoren, euste-sistema berritzeko lanak hasiko dituzte, eta 2 metroko altuera duten pantailak jarriko dira zubibidearen bi aldeetan. Ondoren, 5. zatiko pantailak jarriko dituzte, eta, azkenik, 1. tartea egingo da, Erretsindikoa, 169 metroko luzerarekin eta 4 metroko altuerarekin.

2021 03 18 panel akustikoak agintariak obrak ikusten elgoibar barren 3

2021 03 18 panel akustikoak agintariak obrak ikusten elgoibar barren 5

∞Lotura duten albisteak: