2017an hasitako Moru mendiko ingurunearen berreskuratze prozesuaren barruan landatuko dituzte zuhaitzok. Burdin Aroko herrixka baten aztarnak daude Morun, eta hori dela eta bertako ingurunea zaindu eta balioa ematea garrantzitsua dela azaldu dute Elgoibarko Udaleko arduradunek. Ingurunea berreskuratzeko hainbat lan egin dituzten arren, landaretza autoktonoa "gutxi hedatu da bere kabuz". Horregatik, 600 zuhaitz landatuko ditu orain Udalak. 3.200 euroko inbertsioa izango da (BEZa kanpo). 2019ko Zuhaitz Egunean 160 zuhaitz landatu zituzten Herri Eskolako eta Ikastolako ikasleek Moru mendiko magal batean.
Landatuko dituzten zuhaitzak dira pagoa, bertako haritza eta bertan sortuta dauden lizarrak, gaztainondoak, urkiak, gorostiak, e.a. "Helburua da hemendik urte batzuetara baso aberats eta eder bat lortzea. Udalaren ildo estrategikoa da ingurunearen zaintza eta berreskuratzea, Elgoibarko ondare naturalari balioa emateko".
Era berean, herrigunean ere 50 zuhaitz landatuko ditu Udalak, berdeguneak ugaritzeko.
• Burdin Aroko herrixka hondakinen berreskuratzea
Paisaiaren Ekintza Plana idatzi zuen Udalak 2017an, Moru mendiaren gailurra erosi zuenean, eta 2018an hasi zen berreskuratze lanekin. Burdin Aroko herrixka hondakinak dituenez, hainbat prospekzio arkeologiko egin dira eta egiten ari dira tresna teknologikoen bidez garai batean populatuta zegoen eremua mugatzeko. Bertako hondakinak berreskuratzea eta aztarnategiaren ezaugarriak sakonago ezagutzea da lehentasuna.
2018an Moru gailurrean zeuden pinuak moztu zituzten. Lurra garbitu ondoren, udalak Elgoibarko ikastetxeekin batera, bertako 160 zuhaitz landatu zituen, balio arkeologikoa duen eremutik kanpo. Dena den, inausketaren ondoren, landaretza autoktono gutxi hedatu da bere kabuz eta Udalak beharrezkoa ikusten du bertako zuhaitzak landatzea inguru naturalaren berreskuratzeari bultzada bat emateko.
∞ Lotura duten albisteak:
- Auzolandegian parte hartuko duten hamasei gazteak Elgoibarren dira (2018-07-17)
- Moruko Burdin Aroko herrixkako aztarnak auzolandegietako gazteek azaleratuko dituzte udan (2018-02-27)
- 75 urte betetzeko atarian, ilusioz eta ekiten jarraitzeko gogoz dago Morkaiko (2017-10-20)
- Moru Mendiaren inguruko paisaien diagnostikoa egingo du Elgoibarko Udalak (2017-03-23)
- Elgoibarren aurkitutako Brontze Aroko aizkora gipuzkoarren esku laga du Jose Julian Marquezek (2015-11-26)