Lekukoek jakinarazi dutenez, industriagunera zihoan trailer kamio bat industriagunerako sarreran zegoen geldi. Ospitalerantz zihoan auto bat kamoia gainditzen saiatu da orduan, eta auto horrekin topo egin du aurrez aurre ospitaletik behera zetorren beste auto batek. Izkin egiten saiatzerakoan autoaren kontrola galdu eta trenbidera amildu da ospitaletik behera zetorren auto hori. Hormigoizko hesia apurtu eta industriagunerako sarrera paretik trenbidera erori da autoa. Harrigarria bada ere, zauri arinak besterik ez dituzte auto barruan zihoazen bi gazteek, gizonezkoa bata eta emakumezkoa bestea. Ospitalera eraman dituzte bueltan.
Autobus bateko gidaria izan da istripuaren lekukoetako bat eta gidaria segituan ohartu da tren gidariari abisua eman behar zitzaiola. Deitu dioten arren, handik gutxira, istripua gertatu eta bizpahiru minutura, agertu da trena autoa zegoen pareraino, eta auto barruan zihoazen gazteek eta inguruan zeuden herritarrek keinu bidez jakinarazi diote gelditzeko treneko gidariari. Tren zerbitzua etenda egon da autoa trenaren bidetik atera duten arte. Trenean zihoazen bidaiariak tren barruan egon behar izan dira lanok amaitu bitartean. Amildu den autoak kolpatu duen harrizko hesiaren zati bat trenaren katenarian gelditu da txintxilik, baina beharginek kendu dute, eta dirudienez ez du kalterik eragin, arazorik gabe abiarazi baitu trenak bere bidea.