Udal kirol patronatuak ematen dituen bi taberna zerbitzuon esleipen kontratuak urtarrilean eta otsailean amaitzen direla ikusita, lizitazio-prezioak berrikusi eta pandemiak eragindako egoerara egokitu dituela jakinarazi dute patronatutik, kirol federatua eta eskola kirolaren jarduerak jasaten ari diren murrizketak aintzat hartuta.
Aipaturiko guztiagatik, bi instalazioetako tabernen ustiakuntzarako hasierako prezioa "nabarmen" jaitsi dela nabarmendu dute. Mintxetako tabernaren hasierako prezioa, udako igerilekuetako taberna barne, 300 euro/hilean + BEZa izango da kontratuaren lehen urtean, 600 euro/hilean + BEZa bigarren urtean eta 900 euro/hilean + BEZa hirugarren urtean. Kontratu hau 4. eta 5. urteetan luzatu ahal izango da, hirugarrenaren prezio berean. Olaizaga Kiroldegiko tabernaren hasierako prezioa ere 300 euro/hilean + BEZa izango da kontratuaren lehen urterako, 400 euro/hilean + BEZa bigarren urterako eta 500 euro/hilean + BEZa hirugarren urterako. Kontratua 4. eta 5. urteetan luzatu ahal izango da, 3. urteko prezio berean.
Kontratazio prozedura honetan parte hartu ahal izango dute gaitasun juridiko eta jarduteko gaitasun osoa duten pertsona natural edo juridikoek. Esleipendunek Udalaren Kirol Patronatuak ezarritako egutegia eta ordutegia bete beharko dituzte. Interesdunek bi instalazioetako batean (Olaizaga edo Mintxeta) dagoen edaritegia aukeratu ahal izango dute, baina baita bi instalazioetako tabernak ere. Interesdunek bi instalazioetako taberna baten (Olaizaga edo Mintxeta) edo bien lizitazio prozesuan parte hartu ahal izango dute.
Proposamenak 2021eko urtarrilaren 4a baino lehen aurkeztu behar dira, Olaizaga kiroldegiko bulegoetan, astelehenetik ostiralera, 9:00etatik 13:00etara. Informazio guztia www.elgoibar.eus webgunean eskuratu daiteke (kontratatzailearen profila).