Mankomunitatea eskualdeko enpresak bisitatzen hasi da, hondakin bilketa zerbitzua hobetzeko eta biriziklapen tasa igotzeko

Barren.eus 2020ko abe. 14a, 12:17

Debabarreneko Mankomunitateak eskualdeko 825 enpresa bisitatuko ditu otsailera bitartean, hondakin bilketa zerbitzua hobetzeko eta biriziklapen tasa igotzeko. Gaur egun eskualdean batzen diren 14.000 errefusa tonetatik 2.100 tona industrialdeetan batzen direla zehaztu du Mankomunitateak.

Enpresetara egindako bisiten bidez, Mankomunitateak lankidetza sustatu nahi du kopuru hori murrizteko eta eguneroko jardueran sortzen diren etxeko hondakinak bereizita biltzeko.

Analisi fase baten ondoren, Mankomunitateak hobetu beharreko zenbait ekintza hauteman zituen, enpresetara egindako bisitetan azpimarratuko dituztenak.
Alde batetik, errefusaren edukiontziak hiri hondakinetarako direla gogoraraziko diete. Hau da, horietan ezin dira utzi fabrikazio industrialean sortutako hondakinak. "Hondakin horiek errefusaren edukiontzian botatzea 300 eurora arteko arau haustea litzateke".
Bestetik, edukiontzi urdina papera eta kartoirako baino ez dela azpimarratuko diete. "Gaur egun, industrialdeetako edukiontzi urdina plastikoz, egurrez eta bestelako hondakinez beteta egoten da. Edukiontzia mankomunitatearena denez, hondakin desegokiak uzten jarraituz gero, kendu egingo da, eta zerbitzu hori ez zaio emango dagokion enpresari".
 • Plastiko filma jasotzeko zerbitzua
Enpresetara aurrez eginiko bisitetan, hainbatek plastiko filma jasotzeko zerbitzua eskatu dute, "eskualdeko enpresetan oso ohikoa den hondakina". Bisita-sorta honetan, hondakin mota hori bereizita biltzeko zerbitzua "beharrezkoa eta bideragarria" den baloratu nahi du Mankomunitateak, ondoren birziklatzeko.