Deba ibaiko zuhaitz batean kateatuta agertu zen zaldiak zeresana eman du

Barren.eus 2019ko aza. 25a, 18:40

Eguneratua (2019-11-27): Suhiltzaileek atera zuten zaldi hila Deba ibaitik, eguaztenean, 14:00ak inguruan.

Deba ibaian, Andikano eta Maltzaga arteko bidegorrian dagoen lehen zentraletik gertu dago zaldia, ustez hilda, baina zenbait herritarrek abisua eman dute bizirik dagoen itxura hartu diotelako. Informazio gehiago bildu nahian ari gara eta argitu ahala osatuko dugu albistea.  

Ibai barruan dagoen arbola batean kateatuta dago zaldia, buruko eta guzti. Atzo (astelehenean) hilda zegoela zabaldu genuen, baina gaur (martitzena) oraindik bizirik dagoela esanez deitu digute hainbat herritarrek. Zaldia dagoen lekura gerturatu gara, baina ez dugu ziurtatzerik izan, besteak beste haizea dabilelako eta ez dagoelako jakiterik mugimendua zerk sortzen duen. Bidegorrian pasiaran dabiltzan herritar bat baino gehiagok, baina, bizirik dagoen ustea agertu dute. BARREN Udaltzaingoarekin jarri da harremanetan, bai eta SOS Deiak zerbitzuarekin, Eusko Jaurlaritzako prentsa bulegoarekin eta Ertzaintzaren Eibarko bulegokoekin ere. Azken hiru horietan ez zutela ezeren berri esan digute, baina zehaztu dute ez dela haien erantzukizuneko gaia. Ur Agentziakoekin harremanetan jartzen ere saiatu gara, baina lan-ordutegia 14:00ak artekoa dute, eta ez dugu lortu informaziorik.

Atzo (astelehena) albistearen berri izan berritan, Udaltzaingora deitu genuen eta handik Hirigintza Sailera bideratu gintuzten. Hirigintza Sailean erantzun ziguten, animalia ibaian agertu zenez, Ur Agentziari zegokiola haren kargu hartzea. Ur Agentziara idatzita, honako erantzun hau jaso genuen:  "Indarrean dagoen uraren araudiaren arabera, Uraren Euskal Agentziaren funtzioen artean dago Euskal Autonomia Erkidegoko ur masen egoera ekologikoa bermatzea, baina horien artean ez dago animalia hilak ibaietatik jasotzea". Hori bai, halako kasuetan eraginkorrena 112 telefono zenbakira deitzea dela gaineratu zuten, "gertakariaren arabera dagozkion erakundeak jakinaren gainean jartzeko". Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailetik erantzun dute (eguaztena) zaldia ez dela basafauna eta beraz ez dela euren ardurako gaia. Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ganadu Hilen Bilkera zuzendu gaituzte.

2019 11 26 ponia deba ibaian elgoibar bidegorritik

 

2019 11 25 zaldia hilda deba ibaia elgoibar bidegorri

2019 11 27 zaldia aterata deba ibaitik bidegorrian elgoibar 1