Sute txiki bat itzali dute suhiltzaileek Kalegoen plazan jausi zen eraikinean

Barren.eus 2019ko uzt. 2a, 12:54

Barixakuan zati bat galdu zuen Kalegoen plazako eraikinean sute txiki bat piztu da goizean, eta Eibarko suhiltzaileak etorri dira itzaltzera.

Dirudienez, jausitako etxean lanean ziharduten beharginak konturatu dira su txiki bat zegoela, 11:30ak inguruan. Teilatuan lanean ari ziren beharginak berehala jaitsi dira eta inguruko kaleetako jendea ere aldendu egin dute, kaleak itxiz. Eibarko suhiltzaile etxetik bi kamio ailegatu dira gero plazara. Egoera aztertu ostean, Kalegoen plazako ur iturrira konektatu dituzte mangerak eta itzali dute sua.

Ikusmin handia sortu du suhiltzaileen etorrerak eta jende asko egon da ikusmiran, zer gertatzen zen galdezka. Gas ihes bat egon zitekeenaren zurrumurrua zabaldu da, baina Elgoibarko Udaletik jakinarazi dutenez, ez da halakorik izan. Sua nola eta zergatik piztu den ere ez dakite, eta harrituta daude, inguruko argindar sarea moztu baitzuten barixakuan bertan, etxearen zatia jausi eta berehala.

2019 07 02 suhiltzaileak jausi zen etxean elgoibar v1

2019 07 02 suhiltzaileak jausi zen etxean elgoibar ertzain udaltzain