Azitain-Maltzaga bidegorrirako obra-proiektua idazten amaitu dutela jakinarazi dute gaur Marisol Garmendia Aldundiko Mugikortasuna eta Lurralde Antolaketako diputatuak eta Eibarko alkate Miguel De Los Toyosek, bidegorriaren proiektua aurkezteko Eibarko udaletxean egin duten agerraldian.
Eibar eta Elgoibar lotuko dituen bidegorri zatiak ia bi kilometro izango ditu eta eraikuntza lanek 5,1 milioi euroko aurrekontua izango dute, besteak beste, orografiak eta metro gutxitan pilatzen diren azpiegiturek Azitain-Maltzaga tartearen eraikuntza oso erronka korapilatsua bihurtzen dutelako. Hainbat aukera aztertu ondoren, ibilbidearen toki zailenean —Euskotreneko tren-ibilbidearen parean— % 6ko aldapa izango duen pasabide bat eraikikodute. Bost pasagune egongo dira tarte horretan, horietako bi 80 metro baino gehiagokoak. Pasagune horiek, alde batetik, Ego ibaia eta, bestetik, Deba ibaia eta GI-627 errepidea gurutzatuko dituzte. Tarteak bi kilometro inguruko luzera izango du eta, ia ibilbide osoan, hiru metro inguruko zabalera. Nahikoa bizikletek eta oinezkoek espazioa erosotasunez partekatzeko. Bidegorria nondik pasako den erakusten duen bideoa aurkeztu du Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuna eta Lurralde Antolaketa Departamentuak.
• 2019. urte amaierarako bukatuta
Marisol Garmendiak eta Miguel de los Toyosek esandakoaren arabera, eraikiko den bidegorri tarteak Eibarko Barrena kalea, batetik, eta Elgoibartik abiatu eta gaur egun Maltzagan amaitzen den eta zabalik dagoen bizikletentzako eta oinezkoentzako bidea, bestetik, lotuko ditu. Agintariek jakinarazi dutenez, lanak urte honen amaieran hastea da euren asmoa, eta bidegorria 2019. urtearen bukaera baino lehen amaituta egotea.
Ditutatuaren berbetan, bizikletentzako eta oinezkoentzako konexioa "gogo biziz" espero dute Elgoibar eta Eibarko Udalek eta bertako herritarrek. "Mugikortasuna eta Lurralde Antolaketa Departamentuak bere egiten du eskualdeko herritarren eskaera hori eta, lanak exekutatzeko zailtasun teknikoen ondorioz, amaitu ez zen proiektu bati berriro ekin dio", esan du Garmendiak. Debaberrenako bi herri nagusiak lotzea Aldundiarentzako "apustu estrategiko bat" dela gaineratu du, eskualde honetan bizikletaren erabilera eta mugikortasun iraunkorra eta osasungarria sustatzeko. "Badakigu ez dela tarte erraza, eraikitzeko zailtasunak dituelako, baina honako hau Debabarrenako herritarren eskaera historikoa da eta horri erantzun nahi diogu, azkenean Eibar eta Elgoibar oinezkoentzako eta bizikletentzako bide baten bitartez lotzeko, eta inguru horretako pertsona guztiek erabili ahal izateko”.
Era berean, etorkizunean bidegorri hau Soraluzetik helduko den beste bide batekin lotuko dutela azaldu du, horregatik, gaur aurkeztu duten tarte hau oso garrantzitsua dela nabarmendu du Debabarrenan "mugikortasun iraunkorra eta osasuntsua sustatzeko".
∞Lotura duten albisteak:
- Aldundiak 1,5 milioi euro bideratuko ditu aurten Eibar eta Maltzaga arteko bidegorria egiteko (2018-02-21)
- Azitain-Maltzaga bidegorri zatia egiteko proiektua idatziko dute datozen hilabeteetan (2017-03-21)
-
Hondoratzeko arriskua dagoela-eta itxi dute bidegorria (2016-03-02)
- Auto bat erori da A8 autobidetik Maltzagako bidegorrian, beste behin ere (2014-11-30)
-
Elgoibar eta Ermua lotuko dituen bidegorria eskatzeko sinadura kanpaina hasi du Esperientzia Eskolak (2014-05-20)
- Elgoibartik Ermuraino, bizikletaz eta trafikorik gabe (2009-11-11)
- Bidegorriak: bata prest eta gehiago bidean (2009-09-17)
- Hasi dira Maltzaga eta Andikano arteko bide gorria egiteko lanak (2009-03-24)
- Bide Gorria egiteko lanak Murias enpresari esleitu dizkio Diputazioak (2008-11-27 elgoiBARREN.net)
- Urte bukaeran hasiko dira Elgoibar eta Maltzaga arteko bidegorria egiten (2008-05-07 elgoiBARREN.net)
- Atzeratu egin dira bide gorria egiteko lanak (2007-10-24 elgoiBARREN.net)
- Bide gorria egingo dute Andikano eta Maltzaga artean 2007an (2006-11-14 elgoibarren.net)
- Bide Gorriak (Urrutira gabe/Asier Etxaniz)