Aldundiak 1,5 milioi euro bideratuko ditu aurten Eibar eta Maltzaga arteko bidegorria egiteko

Barren.eus 2018ko ots. 21a, 15:27

Gipuzkoako Foru Aldundiak jakinarazi duenez, 5 milioi euro bideratu ditu aurten bidegorrietara eta bizikletaren sustapenera. Horietatik 1,5 milioi euro Eibar eta Maltzaga bidegorri tartea eraikitzeko bideratuko dute.

Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako diputatuak, Marisol Garmendia sozialistak jakitera eman duenez, 2018rako, 5 milioi euro izango dira bidegorri eta bizikletaren sustapenera bideratuko dituztenak, 2017an baliatutako 2,3 milioien aldean. Gorakada hori tarte berriak eraikitzeko baliatuko du Aldundiak, besteak beste, Jaizubia-Amute, Lezo-Pasai Donibane (2. fasea) eta Eibar-Maltzaga. Eibartik Maltzagara egingo duten bidegorrirako aurrekontua izango da handiena, milioi bat euro eta erdikoa, hain justu ere. 

Foru Aldundiak bizikleta garraiobide osasungarri eta jasangarri gisa sustatzeko egiten duen apustua irmoa dela nabarmendu du Garmendiak. “Bizikletaren aldeko apustua egiten dugu, ohiko garraiobide gisa, lanera, ikastetxera joateko, erosketak egiteko, bai eta aisiarako ere; izan ere, batetik, garraiobide osasungarriena da, bizitza aktiborako ohitura osasungarriak sustatzen dituena Gipuzkoako herritarren artean, eta garraiobide jasangarria da, eta hori klima-aldaketaren aurkako borrokan egin dezakegun ekarpen pertsonala da", esan du. 2018an, baliabide gehiagorekin, bidegorri garrantzitsuak eraikiko direla adierazi du. Aurten, Amute-Ospitaleak tartea eraikitzen hasiko dira. 996.000 euroko aurrekontua du. Gainera, Lezo-Donibane bidegorrian aurrera egingo da; bertan, dagoeneko, lehen tartea amaitu da eta, aurten, bigarrenari ekingo zaio (970.000 euro). Halaber, Azpeitia-Urrestilla eraikiko da (830.000 euro) eta Eibar-Maltzaga (1,5 milioi).

Azitain eta Maltzaga arteko bidegorria egiten dutenean Elgoibarko bidegorriarekin bakarrik ez, Soraluzerekin ere lotu ahal izango da Eibartik datorren bidea. Hala, Debabarrena eta Debagoiena eskualdeak batzeko aukera izango da, dagoeneko eraikita baitago Soraluze eta Bergara arteko bidegorria.

Bidegorrioen erabileraren datuak, bizikletarien zein oinezkoen profil nagusiak, erabilera maiztasuna eta erabiltzaileek bizikleta-bideaz duten balorazio orokorraren berri ere eman du Aldundiak gipuzkoa.eus webgunean.

Lotura duten albisteak:

maltzaga bidegorria elgoibar bulkanismoa gemma mugerza