Mausitxa gaztandegiak bigarren postua lortu du Ordiziako 43. Idiazabal Gazta Txapelketan

Barren.eus 2016ko ira. 7a, 13:54

Euskal Jaiak ospatzen dihardute gaur Ordizian, eta jaien barruan, Ardi Latxaren 43. Gazta Lehiaketa prestigiotsua egin dute. Joseba Intsausti artzain ordiziarrak aurkeztutako gaztak eskuratu du lehen saria eta bigarren saria eman diote Elgoibarko Mausitxak aurkeztutako gaztari. Gazta lehiaketaz gain bestelako lehiaketak ere egiten dituzte Ordizian, tartean Barazki lehiaketa, eta hor Elgoibarko Txillarre baserriak lortu du lehen saria.

Errekonozimenduak eta sariak pilatzen jarraitzen du Elgoibarko mausitxa gaztandegiak. Erresuma Batuan egin den “Great Taste 2016” txapelketan munduko 50 elikagai onenen artean sailkatzea lortu zuen abuztuan, eta azken egunetan bi sari gehiago eskuratu ditu, bigarren postuak biak.
Lehena, Legazpiko Artzain Egunaren baitan jokatu zuten Gipuzkoako 32. Artzain Gazta Lehiaketan, domekan (irailak 4). Gaur ere lehen saria irabazteko atarian gelditu da Euskal Herrian egiten den gazta lehiaketa garrantzitsu bezain entzutetsuan, Ordizian. Joseba Intsausti Mujika artzain ordiziarrak jantzi du txapela eta Mausitxakoen atzetik Olaberriko Aizpea geratu da hirugarren, laugarren Eulateko (Nafarroa) Ricardo Remiro eta bosgarren Irurain-Gaunako Audikana anaiak gaztandegia.
Mausitxak hiru alditan irabazi du Ordiziako txapelketa (2005, 2007 eta 2009) eta, horrez gainera, 2005etik 2014ra artean Ordiziako gazta txapelketa irabazi zuten gaztagileek parte hartu zuten Ordizia Txapeldun Saria ere irabazi zuen 2014an. Urte hartan, gaur moduan, bigarren saria eskuratu zuen Mausitxak Ordizian.
•Txillarrerentzat saria barazkietan
Aldiz, Elgoibarko Txillarre baserriko Peio Rubiok aurkeztutako produktuek (ondorengo argazkian) lehen saria lortu dute Barazki Lehiaketan.

txillarre ordizia lehensaria elgoibar

mausitxa gazta elgoibar munduko onenak familia