Euriteak eragindako kalteak garbitu behar izan dituzte gaur goizean Elgoibarren eta Mendaron. Elgoibarren, Andikano eta Maltzaga arteko bidegorriaz gainera, Altzola auzoa izan da kaltetuenetarikoa. Bainuetxeko Zumardian, Altzolako Urak dagoen parean, egin zuen gainezka Deba ibaiak eta ibaiari begirik kendu gabe egon dira auzoko bizilagunak azken orduetan. Eneko De La Horrak bidali dizkigun argazkietan ikus daiteke urak hartu zuen altuera, eta baita uraren maila jaitsi zenean laga zuten zikinkeria ere. Ez da urak auzoan arazoak sortzen dituen estreinako aldia, eta honenbestez, "irtenbideak" eskatzeko elkarretaratzea egin zuten bizilagunek.
• Metro bateko altuera Mendaron
Mendaroren ere ez ditu ezustean harrapatu ufa-arriskuak. Deba ibaiko urak hazten direnean Garagartza kalea urpean geratu da azken urteotan behin baino gehiagotan, eta halaxe izan da oraingoan ere. Kalean behera dihoan Kilimon ibaiak ezin izan ditu bere urak Deba ibaian isuri eta gainezka egin du. Kaleko gune batzuetan metro batetik gorako altuera hartu zuen urak. Garbiketa lanetan aritu behar izan dute kaleko bizilagunek gaur goizean, baina aurreko denboralean baino kalte gutxiago izan direla dirudi, oraingoz.