Artile tailerra egingo dute hilabete bukaerako ferian

Barren.eus 2016ko mai. 26a, 14:24

Trinitate festei erreleboa hartuz, hilabete bukaerako ohiko azoka izango da Elgoibarren zapatuan (maiatzak 28). Eguerditik aurrera artile tailerra egongo da eta Elgoibarko Izarra Euskaltzaleon Topaguneak prestatuko ditu Elgoibarko baserri eta harategietako produktuekin egindako pintxoak: txahal masailak ardo beltz saltsarekin eta txorizo egosia.

Elgoibarko Udalak eta Debemenek antolatuta, maiatzeko azken zapatuko feria egingo dute hilaren 28an. Ohi duten legez, Elgoibarko hainbat baserritarrek eta ekoizlek saltokiak jarriko dituzte Kalebarren plazan (9:00etatik 14:00etara). Horretaz gain, Kale Kantariak taldeak euskal kantu herrikoiekin girotuko du feria eguna. 12:00etan hasiko dute kalejira Kalebarren plazatik. Ganadu erakusketa ere egingo da, eguerditik arratsaldera bitartean, Aita Agirre plazan.

Hil honetan Elgoibarko Izarra Euskaltzaleon Topaguneak kudeatuko du Kalebarren plazan jarriko duten txosna. Elgoibarko baserri eta harategietako produktuekin egindako pintxoak salduko dituzte. Hain zuzen ere, txahal masailak ardo beltz saltsarekin, eta baita txorizo egosia ere. 

• Artile tailerra

Debemenek antolatuta artile tailerra egingo dute 12:00etan, Atxutxiamaikak lagunduta. Artilea kardatzen eta artilea feltro bihurtzen irakatsiko dute, besteak beste.

txahal masaila pintxoa elgoibar izarra